Aramaioarra, Gasteizko gortean
Izatez, Eusko Legebiltzarrean funtzionario da Mendialdua, eta hantxe ezagutu nuen nik, 1996tik 1999ra bitartean, Joseba Leizaola presidentearen kabinetean elkarrekin topo egin genuenean. Estherrek irakatsi zidan protokoloaz zein erakunde-harremanez dakidan guztia. Eta, beste edozeren aurretik, berak ulertarazi zidan, protokoloa, itxurak egiteko molde-sorta baino gehiago, nork agintzen duen adierazteko araudia dela.
Esther, demaseko profesionala izateaz gainera, bere inguru-giroa errazten, lasaitzen eta gozatzen dakien azukre-tontorra da. Musikazale amorratua eta kantari fina, Donostiako Orfeoitik ere deitu izan diote laguntzarik behar izan dutenetan. Estrasburgora (Europako Parlamentua) elkarrekin joan ginelarik, arratsaldez pare bat ordu libratu eta… kontzertu barrokoa entzutera eraman ninduen. Nekearen nekez, lokartu egin nintzen. Bera ez da, ostera, sekula nekatzen.
Protokoloa, orfeoia, barrokoa... ez gero pentsa Esther aurreko garaietako emakumea denik. Nik estreinako jaso nuen lehen emaila Estherrek berak bidali zidan. Orain hamabost urte inguru!
Esther Mendialdua, gaita eta guzti. Xunta Xeneral del Principáu d'Asturies, 1997