Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amaiur, historia oldarkorra bezain goibela

Amaiur, historia oldarkorra bezain goibela

Amatiño 2025/11/02 11:35
Amaiurko monolitoaren zutarrian zera irakurri daiteke: “1522an konkistatzaileek ate blindatua oparituta eskertu zioten Urtsuako jaunari emandako laguntza. Hark Arraiotzeko dorretxean jarri zuen, eta bertan dago gaur egun ”. Horra hogei hitzetan bi egia biribil: alegia, gaztelua erasotu zutenak “konkistatzaileak” zirela eta laguntzaileetako bat, gutxienez, nafarra, Urtsuako Pedro arizkundarra (1), zeinak Jauregizarrea (2) dorretxean jarri zuen jasotako atea.
Amaiur, historia oldarkorra bezain goibela

Amaiurko ateak ate dirau

Bostehun urte joan dira eta --han-hemenkako hainbat datu, iritzi eta denetariko xehetasunak bildu arren-- oraindik ere badira diotenak Nafarroa ez zela armen indarrez konkistatua izan, ezpabere bere kabuz erabaki zuela Gaztelarekin bat egitea. Aldi berean,  bestaldean diren bezalaxe onartu nahi ez dutenak, gaztelarrak eta enparaua (3) ez ezik, nafar samalda handia ere izan zela armetan jarria Amaiurko gazteluaren aurka. 

Egungo informazioaren karietara, ez dago honezkero ukatzerik,  tamalez Amaiurren amaitu zirela 1522 urtean, Nafarroako Erresumak bere buruaren jabe izateko izan zitzakeen aukerak. Urte hartatik, Antton Valverdek kantatu bezala, "Nafarroan ez da aberririk" (4).

Ezintasun horretan zer ikusi handia izan zuten Gaztelako zein Frantziako interesek, batetik, eta nafarren arteko batasunik ezak, bestetik,  agaromontarren eta  beamontarren artean zirauten tirabirak tarteko.

Eta bostehun urte geroago ezin izango dugu ukatu alde bateko zein besteko nafarrek euren unean uneko arrazoiak izan zituztela, eta ez dagoela XVI. mendean gertatutakoa XXI.eko irizpideen arabera epaitzerik.

Datuak datu, gaur egun badakigu, Amaiurko gaztelua suntsitu zuten nafarrak (Karlos V.ren gudarostearen laguntzaz), hil arte gotorlekua defendatu zuten nafarrak baino hamar bider gehiago izan zirela. Kopuruak ez du, behar bada, besterik gabe arrazoirik ematen, baina ukatzeak ere ez du argibiderik eskaintzen (5).

Nahiz garaituak izan,  seguru gero Jaime Velaz de Medranoren (6) buruzagitzapean  Amaiurko gaztelua  irmoki eta kementsu defendatu zutenak ez zirela inondik ere bilauak izan, heroi peto-petoak baizik. Behar bada ez zuten euren garaiko nafar guztien nahia ordezkatzen, baina beraiek gogotik uste zuten ideiaren alde ahalegindu ziren  eta  merezi dute euren omenez eta gomutaz jasotako monolitoa. 

  ---ooOoo--

1) Pedro Urtsua Diez de Armendariz. Aita Baztango beamontarra eta ama Tuterako agaromontarra. 

2) Arraiozko Jauregizarrean dirau Amaiurko ateak (ikus argazkia). Dorretxea, Jauzarrea egitasmoaren egoitza da. egun. Jauzarrea Jauregizarrea izenaren ahozko laburpen herrikoia da baztandarren ezpainetan. Izenaren jatorria "jauregi-zahar" omen da. Balitz, orain zaharra dela seguru, baina eraiki zutenean ez zen jauregi zaharra izango jauregitzarra baino. Handia, alegia. "Casoplon", egungo gazteek gero eta gehiago esan ohi duten bezala.

3) Lagun taldea Lizarra bisitatzen ari ginela, taldekiderik gehienok nongoak ginen jakinda, gidari ofizialak erreparo handirik gabe bota zigun,  arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrei zor diela Nafarroak "espainiartu" izana. Errudunak beti dira "besteak".

4) Sortzez, orain dela 90 urte inguruko Lauaxetaren 'Amaiur gaztelu baltza' olerkia: "Berreun gudari oso sumin gaztelu-pian dagoz illik. Ordutik ona, —zenbat laño—, Naparruan ezta aberririk."

5) Peio Joseba Monteano historialari nafarraren datuen arabera, ia bost mila ziren erasotzaileak (2.100 gaztelar-edo, eta 2.400 nafar). Amaiurko defendatzaileak, berriz, 100-200 agaromontar. Lauaxeta ez zen historialaria, baina "berreun gudari" aipatu zuen 1935 urte inguruko kantan.

 6) Zer pentsa ematen du, gero, Amaiurren defentsaren buruzagiak ingelesez baino ez eduki izanak sarrerarik Wikipedian.  Hala ere, hona Peio J. Monteanoren ekarpena: Jaime Veláz, el capitán de Amaiur.

Amaiur 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: