Amaia, urbitsetan
Bai, urbitsetan. Pozarren, aurtengo Adarra saria jasotzeagatik; gustura, inguruan bildu zitzaion musikari- eta kantari-andanaz; harro, berrogeitaka urtetan egindako lanaz; eta, atseginez, noski, ikusentzuleok eskainitako abegi maitakorraz.
Bete-betean asmatu zuen Eneko Goia alkate txuri-urdinak Amaia aurkeztu zuenean aitzindari lez, azken bolada honetan emakume kantariek bizi duten “loraldiaren bidegile”, ondotik etorriko ziren Jaione Olazabal, Maider Ansa, Matixa Otero eta Ainara Ortega lekukoen hitzaurre gisa.
Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez bikote paregabeaz gainera, Amaiak altzo-ingurumarian izan izan dituen sarri askotako musika-lankide eta adiskideak, Pascal Gaigne, Manu Gaigne, Angel Unzu, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino eta Francisco Herrero, alegia. Ez zen etxean geratu Edorta Amurua Zubiria semearen gitarra, eta Jon Maia zein Maialen Lujanbio bertsolariek azpimarratu zituzten, besteak beste, Amaiaren askatasuna eta berebertasuna.
Primerako ikuskizun atsegina, giroz eta kalitatez aitzakiarik gabekoa. Agian… ni ez naiz ahalari darizkiokeen 'preziosismo barrokoen' zale, ez nago kantak premiarik gabe luzatzearen alde, eta ez dut uste jazz-usaina beti mesedegarri denik… baina hauek, ezer izatekotan, nire maniak baino ez dira.
Zorionak, Amaia.