Alde egiteko eskubidea. Bai, baina.
Aran haranean hizkuntza ofizialak ez dira bi, hiru baizik, aranera ere bai baita, 2006ko Kataluniako Autonomia Estatutuaren arabera. Familiaz, %38,8k gaztelania dute ama-hizkuntza, %34,8k aranera eta %19,4k katalana. Lanorduetan, ordea, kataluniera gehiago erabili ohi da aranera baino (1)
Hedabideetan ere, oro har, Katalunia osoko irrati eta telebista ugarien eraginez, katalanaren presentzia aranerarena baino zabalagoa da. Eta, haran guztia, eskualdez, Lleida denez gero, katalunieraren eragina begi bistakoa da Vielhako udaletxearen arkupeetako oharretan. Lleidako Diputazioaren jakinarazpenak katalanez iristen dira batere salbuespenik gabe, bertako udalarenak gaztelaniaz nahiz araneraz txandatzen diren artean.
Eskolan, berriz, haur hezkuntzan, aranera da oinarrizko hizkuntza, eta gaztelania zein katalana ahozko mailan sartzen dira. Lehen hezkuntzan, aranera da komunikazio-hizkuntza eta beste bi ofizialak irakatsi egiten dira. DBHko etapetan, gaztelania da nagusi eta astean bi ordu eskaintzen zaizkie bestelako hizkuntza ofizial bakoitzari. Batxilergoan, azkenik, aranera hautazko ikasgai gisa eskaintzen da.
Asko, gutxi, nahiko? Okzitania guztian (200.000 km2 eta 15 milioi biztanle), Aran haran txikia (634 km2 eta 11.000 biztanle) da okzitaniera ofizialtzat duen lurralde bakarra. Okzitania osoan okzitaniera ulertzeko gai direnak %16 baino ez diren arren, Aran haranean, aldiz, %62 dira hitz egiteko gauza direla aitortzen dutenak. Okzitanierak inon iraungo badu, Aran harango zuloan, segurutik.
Hala ere, ezin uka, aranarren erosotasunik eza ageriago sumatzen dela katalanarekiko gaztelaniarekiko baino. Espainiera gutxi balitz, katalanak traba-edo egingo balu bezala. Katalanek ere ez dira Aranera joaten Andorrara joan ohi diren harrotasun edo poztasunarekin. Hainbat katalani sumatu izan diot nolabaiteko artegatasuna. Badakite zein den jarrera gaztelaniaren aurrean, baina ez dakite zer egin bat-batean ulertzen ez duten “katalan-antzeko” zerbaiten aurrean.
Esanguratsua bezain adierazgarria, berriz, aranarron hautu politikoa. Kataluniako beste edozein lurraldetan ez bezala, Madrilgo Kongresuko hiru alderdi nagusiak, elkarrekin, Arango hauteslegoaren bi heren beste dira.
Kataluniako independentzia-proces luzean zehar inork ez zuen ahaztu Kataluniako Autonomia Estatuak jasotzen duen erreferentzia, alegia: “Aran haranak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du”. Kataluniatik alde egiteko eskubidea, itxura denez. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere. Gaskoi-gaskoiak, bai, baina, onenean edo txarrenean ere, gaskoi espainiarrak.
"Bitxi bezala eskaintzen dizuedan hizkera,
gorde ezazue!
Lorategi bezala,
erein ezazue!
Ez aldatu!!...
Beti gaskoiak!" (2)
1) Eta denetariko dendetan, behintzat, frantsesa nabarmen asko, Aran harana (Bordelen itsasoratzen den Garonaren ibarrean), iparrera jotzen duen isurialdea da-eta.
2) Vielhako Udaletxearen atarian, sei metro karratu inguruko goiburua.