Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aittitten artekoak

Aittitten artekoak

Amatiño 2010/08/23 23:00
Juanjo Araolaza adiskideak aipatu dit zein zeregin handia ematen duten bilobek. Auskalo gero, bilobak direla-eta, handia edo txikia ote den gure seme-alabok aittittatutako aitei eragiten diguten zeregina baina, zalantzarik ez gero, guk gure aitei eragin geniena baino dezente handiagoa. Hori, bai.

katrin598 

Ez dut uste nere seme-alabek inoiz jolasean egin zutenik euren aittittekin. Mahai-berean eseri bai, berriketan entzun ere bai, baita “paga” eman-hartu ere jakina,  baina ez behintzat jolasik edota ipuinik kontatu. Zer esanik ez afaltzen lagundu edo horrelakorik.

Nik ez ditut gogoan ez aita zena eta ez aitaginarreba euren bilobekin hondartzan, are gutxiago potzuetan txipli-txapla edo hareartean tatarrazean. Gomuta hutsari jaramonik eginez gero esan beharko nuke gure gurasoen belaunaldia gurea baino arras zaharragoa izan zela baina, datua datu, ez da, ostera, egia.

Aita zena 60 urterekin aittittatu zen aurrenengo aldiz, ni baino barrena urtebete lehenago, eta nere aitaginarreba, berriz, 56rekin. Halere, ez dut uste ni baino gazteago bailiren jokatu zutenik. Ez bata eta ez bestea ez nituen sekula “txaparrotan” edo nolabaiteko kirolik zein jolasik egiten ikusi, etxean nahiz kanpoan izan. Aitaginarreba kale-txakurra zen gogotik eta gure aitak Usartza-Kalamua-Arrate triangelua baino ez zuen maite. Bilobak, berriz, bisitan eta goitik behera.

Baina, esanak esan, ez gero pentsa ni aittitta sufritua –are gutxiago esplotatua-- naizenik. Nere bilobak argi-argiak dira, nahiago dute euren gurasoekin eta, oraingoz behintzat, ez diet nik kontrakorik egingo.

 katrin5982

Katrin

SANROKEAK525

Nere

Malen 598

Malen

Josu Txintxurreta
Josu Txintxurreta dio:
2010/08/29 23:10

Zorionak Amatiño dauzkazun biloba galanta eta zoragarriengaitik. Suposatzen dut zuk ere nire aitak bere bilobei buruz esaten duena esango duzula; "objetiboki oso oso galantak dira". Aitona lanaren aldaketa aipatzen duzu, eta arrazoia daukazu, gaur egungo aitonek askoz denpora gehiago egoten dira euren bilobekin. Baina ez da belaunaldi aldaketa kontua bakarrik. Gizonek etxean eta etxeko lanetan (umeak zaindu barne) daukaten lana ere erabat aldatu egin da. Eta gizonen rol-aldaketa hori aititeei ere heldu zaie. Ez duzu gogoratzen zure aitonek zurekin egotea, baina gogoratuko duzu zure amamek prestatzen zuten askaria, eta bilobentzat egiten zituzten hainbat gauza, ez? Dana dala, itaun garrantzitsuena litzateke; aukeran izan ezkero, zein harreman mota gustatuko litzaizuke zure bilobekin, zure aitonek eduki zutena, edo zuk daukazuna? Blogean eskegi dituzun argazkiei begiratuta, zurea aukeratuko zenukeela iruditzen zait.

ana
ana dio:
2010/09/10 01:01

Hau da ezustekoa! Ez nuen inoiz uste izan nere alaben argazkiak interneten aurkituko nituenik eta begira... hortxe daude. Jakin, aittitta, izugarri poztu naizela eta momentuz ez dugula inor "esplotatzeko" asmorik, baina, hor egon, zain, gure seme-alabak hazi arte. Gainera, zurekin pasatako denbora ondo gogoratuko dutela ziurtatuko nuke, nekez ahaztu daiteke eta jolasean eurak baino lotsa gutxiago eta trebezia gehiago duen "lagunik".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: