Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aita Santua, Brasilen, ospakizunik ospakizun

Aita Santua, Brasilen, ospakizunik ospakizun

Amatiño 2013/07/31 23:30
Aita Santua Brasilen izan berri da eta, itxura guztien arabera, pozarren eta arrakasta handiz, etenik gabeko ospakizunetan aritu baita, egunak joan eta egunak etorri. Sekulako jai-giroa gero, denetariko bilerak, batzarrak, bisitak, jardunaldiak eta mezak “ospatu” behar horretan.
Aita Santua, Brasilen, ospakizunik ospakizun

Frantzisko aita santua

“Qué feo es un obispo triste! Qué feo es!" bota eta, bihotzak goratze aldera edo, mortalak eta bi ospatu nahi izan ditu Frantzisko aita santuak, Brasilen. Euskal komunikabide askotxori jaramonik egingo badiogu, behinik behin, Aita Santuaren biltzarrak, topaketak, elkarretaratzeak eta mezak ospatu nahiak ez du akaburik izan.

Edo euskal kazetari gazteei norbaitek adierazten die “ospatu” hitzaren zentzua ez dela berdina euskaraz eta gaztelaniaz, edo gutun bat idatzi beharko diegu Vatikanoko protokolo-arduradunei, Aita Santuaren hurrengo bidaiak udaldian egin ez ditzaten; ez, behintzat, euskal irrati-telebistetan bekadunak nagusi diren garaietan.

Horren zaila ote irakastea, lehenik, eta ulertzea, gero, elkarretaratzeak, bilerak eta jardunaldiak eratu, antolatu edo egin egiten direla, eta mezak, berriz, eman edo esan?

Nik neuk izen-abizenez ezagutzen ditut lau urteko lizentziaturaren ostean horrelakorik sekula entzun ere egin ez omen duten kazetari gazteak. Eta, gainera, zuzenduez gero, begiratzen dizute sinesgogor-aurpegiz… euren baitan “zahar honek ze gauza arraroak esaten dituen” pentsatuko balute bezala.

Euren errua ote, soil-soilik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: