Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agur Xabier, on bekizu atsedena

Agur Xabier, on bekizu atsedena

Amatiño 2017/04/05 23:30
Koruko Andre Mariaren basilikan, Donostian, gaur iluntzean izan dira Javier Zabaletaren hileta-elizkizunak. Jesus Mari Gisasola “Trunboi”k opa bezala: “agur laguna, aita-aitona, on bekizu atsedena”.

Javier Zabaleta Urmeneta Zegaman jaioa zen, orain dela 77 urte. Bizitzak Eibar aldera erakarri zuen eta,1960ko hamarkadan, Lankide Aurrezkiaren bulego nagusian, gazterik asko arduradun ezagutu nuen nik. Berriketabako adiskide ona, ogi puska baino hobea.

Eibarren 1965 urtean sortutako Umeen Euskal Jaiari dagozkion kroniketan nekez aipatu arren Xabierren (orduan honela deitzen genion) izena, aurrenengo hiruzpalau urteetan, behintzat, bastidore artean baino ez bazen ere, hantxe aritu zitzaizun “bizkarzain” gisa, gehienok baino bost edo sei urte "zaharragoa" zenez gero.

Oso oker ez banago, 1969 inguruan edo, hainbat atxiloketa izan zen Gipuzkoan zehar eta, Eibarren, polizia frankistak sei lagun atzeman zituen: Xabier Zabaleta, Iñaki Mallagaray, Martin Abanzabalegi, Anton Azpiazu, Mikel Mendikute eta Jesus Mari Gisasola “Trunboi”.

Hona Trunboik berak, atzo, aspaldiko adiskideari eskainitako bertsoa (doinua: Haizea dator):

Zuretzat Jabier Aizkorripeko / Zegaman hasi zen dena,

Eibar agian izan zen gero / bizitzako bigarrena.

Arraterekin martxan jarrita / habiaren hastapena,

lehen umea jaio ondoren / hasiko zen jazarpena.

Amets sakona baitzen zurea / herriaren askapena,

jasan zenuen atxiloketa / ta ondorengo kondena.

Orain ordea gaixo ankerrak / eragin dizu azkena,

agur laguna aita-aitona / on bekizu atsedena.


Xbier Zabaleta 3

Javier Zabaleta, Aitor Zabaletaren aita zen; 1998an, Madrilen, Madrilgo Atleticoren aurkako partidaren inguruan hil zuten errealzalearen aita. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: