Ad maiorem Nasae gloriam
Marte (The martian) amerikar abentura peto-petoa da, Andy Weir-en eleberrian oinarritua, baina nobela baino dezente arinagoa, hori bai.
Zenbait orrialdetan, letramoldeetan zehar irakurtzen irauteko, fisika edo ingeniaria izan behar den arren, zinema-aretoan eserita jarraitzeko umore puntua besterik ez da behar.
Nahiz afera guztiak bat-batean ulertu ez, ikusentzuleak aldez aurretik sumatzen du ikuskizun entretenigarri baten aurrean dagoela, ez duela zertaz arduratu beharrik eta, zer gerta ere, ondo amaituko dela, hamaikatxo topiko tarteko. Bazkalosteko "infantillean" ikusteko modukoa.
Aukeran, nik, barrena ordu erdiz moztuko nuke eta, izarrak maite dituztenentzat baino ez bada ere, astronomia apurtxo bat gehiago ezarriko. Izan ere, ehundaka egun pasatu planeta gorrian eta... ekaitz petral bat baino ez!
Alde aretotik... ipar amerikarrak lar maite ez dituztenek eta utikan, gero, ad maiorem Nasae gloriam, zazpi euro ordaindu nahi ez dutenek.
Bietako bat Marte da, NASAren argazkian, eta bestea, ilargia, Donostiako Paseo Berritik Izarbe elkarteak aterata (2015.09.28). Ezetz asmatu, zein den zein.