Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aberria, alderdia, Okendo almirantea eta Unamuno igarlea

Aberria, alderdia, Okendo almirantea eta Unamuno igarlea

Amatiño 2026/10/13 17:15
Sabino Arana agertu arte ez zen Euskal Herrian ez “aberririk” eta ez “alderdirik”. Ez naiz, zehatz, politikaz ari, euskal nomenklaturaz baino. Nahiz Joseba Agirreazkuenaga historialariak esan bezala, Aranak egin zuen “euskara egitasmo politikoa bihurtu” (1).
Aberria, alderdia, Okendo  almirantea eta Unamuno igarlea

Okendo almirantea, "patria" eta "sorterriya"ren artean

Euskara egoera eta premia berrietara egokitu nahian, Sabino Aranak euskal merkatuan batere arrakastarik izan ez duten neologismoak asmatu zituen (2), baina baita  nagusitu diren bestelakoak  ere. Esaterako, aberri eta alderdi bikoteaz gainera, abesti, aditz, antzoki,  egitarau, ertzain, ikurrin, idatzi, ikastola,  ugaztun, zenbaki, zuzendari eta hamaika gehiago (3).

Orain hain oinarrizko eta zentzuzko iruditzen zaizkigun Aranaren proposamen ezagun horiek guztiak ez dira agertzen Detxepare, Axular, Larramendi eta bestelako klasikoen idazkietan. Oraintsuko Azkuek (1905) ere ez ditu horietako bat bera ere biltzen eta, salbuespen gisa-edo, Lhandek “aberri” jaso zuen estreinako 1926ko hiztegian.

Jauzi edo aldaketaren froga begi bistan dago, harritan idatzia, Okendo almirantearen omenetan Donostian jasotako eskulturan. Gaztelaniazko testuan “patria” aipatzen da, eta euskaraz, berriz, “sorterriya”. Aranak asmatutako "aberri" hitza 1896an agertu zen aurrenengo aldiz. Okendo almirantearen omenenetan Martzial Agirrek egin zuen monumentua, berriz, 1892an eraiki zen. Zenbaitek besterik uste arren, bereizketa ez da ezjakintasun kontua, ez itzulpen zuhurra, are gutxiago zentsura politikoa, sasoiko lorea baino. Ezin, nahita ere, 1892an 1896an sortutako hitzik jarri.

Ez zuen segurutik denean asmatu, baina Sabino Aranak (borondate gehiagoz hizkuntza-jakinduriaz baino) nola hala ahaleginetan ziharduen bitartean, Miguel Unamuno eruditoak zera esateko gauza izan zen (4): «El vascuence se extingue sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción; muere por ley de vida. No nos apesadumbra que perezca su cuerpo, pues es para que mejor sobreviva su alma” (sic). Eta, 1902an berriz, emazteari idatzitako gutunean: “El partido nacionalista morirá este mismo año y los nacionalistas se harán españolistas...”

Filosofo eta aditu handia, ziurrenik. Baina ez Euskalmeten pronostikotan aritzeko bestekoa.

---ooOoo---

1) Euskara, egitasmo politiko bihurtu:: Sabino Aranaren asmoak denboraren gurpilean, euskaltzaletasunaren ildoan. Joseba Azkuenaga. Bilbo, 2003.

2) “Apaloki” (espetxe), “bide-guztia-zuzendu” (justicia), “erri-guzti-izketa” (bozketa unibertsala), “gaurgi” (elektrizitatea), “lege-guzti” (konstituzioa), “oarki” (behatokia), “senda-mutila” (erizain-laguntzailea) etab.

3) Pertsona-izendegia, esaterako, Iñaki, Miren, Jon, Markel, Koldo eta mordoa gehiago.

4) 1901eko abuztuaren 26an. Bilboko Lore Jokoetako azken hitzaldian.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/10/14 11:12
Ez dira politak Sabino Aranak asmaturiko “ingi” duten hitzak? Tamalez, gero eta gutxiago erabiltzen dira. Gurasoen etxean “izparringi” esaten genuen. Alaben eskolan, Bermeon, “ezabatzingi” zerabilten, 90eko eta 2000ko urteetan, beste toki batzuetan “borragoma” deritzotena adierazteko.
 
Indoeuroparregia iruditzen zitzaion “paper” ordezteko asmatu zuen Sabinok “ingi”. Wikipediak dakarrenez, “orrialde” esateko “ingoski” proposatu zuen; “koaderno” esateko “ingurrazti”; “liburuxka, foileto” esateko “ingurti”.

Bestalde, “bitxi, apaindura” esateko “txingi” proposatu zuen.

Gazteegi hil zen “zinema” esateko hitz garbirik asmatu behar izateko, baina Maisuaren inspirazioak bultzatuta, “idazpil-ingi” proposatu zuen Kirikiñok.
Amatiño
Amatiño dio:
2026/10/14 13:26
Gure aita zenak “izparringixa” esaten zuen beti.

“Izparringi”, “ingurrazti”, “ingi”, “txingi”, “ingurti” eta “ingoski”, Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian azaltzen dira. Baita Ibon Sarasolarenean ere.

Nolabait baliosteko orduan, Sarasolak gogorarazten du, “izparringi”aren kasuan Hiztegi Batuak “egunkari” hobesten duela. Eta “ingurrazti”ari dagokionez, aldiz, gaitzesten duela.

Gainontzekoez, berriz, ez da batere baliospènik egiten, Ez arre eta ez ixo.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal