Nafar Serbia
Ez dakit independentzia aldarrikatzerakoan zeintzuk izan ote daitezkeen argudiorik sendoenak. Baina ez dut uste eskubide historikoak arrazoi demokratikoak baino garrantzitsuagoak direnik.
Behar bada Melilla marokoarra da, historiari hola zor zaiolako. Baina, orduan, zergatik ez Gibraltar espainiarra? Edo alderantziz, Gibraltar britainiarra baldin bada biztanleek hala nahi dutelako... zergatik ez Melilla espainiarra?
Eta zer esan Ipar Irlanda, Quebec edo Nafarroaren kasuetan? Zerk agintzen du? Historiak ala demokraziak? Esate baterako, Quebec-en eskubideak ez dira historian oinarritzen, gaur egungo biztanleen nahian baizik. Eta, horretara, Iparraldearen edo Nafarroaren eskubideek zertan oinarritu beharko lukete? Historian ala gaur egungo biztanleen borondatean?
Izan ere, euskaldunok eskubideak aipatzen ditugunean... zertaz ari gara? Gu jaio aurreko eskubideez ala orain bizi garenok nahi dugunaz? Eta, nor dira eskubideen jabe, lurraldeak ala pertsonak? Ba al dago mapa geografikoaren defentsa tiroz egiterik, bertako hiritarren borondate politikoaren kontra?
Dena den, Kosovo aipatu eta zenbaiti euskal independentziaren bonbilla piztu egiten zaio. Baina, Kosovo ez al da ba Serbiarentzat, Euskadirentzat Nafarroa den bezainbat?