Eliza frankista eta akolitoak
Erromako Elizak 1936ko 500 inguru martiri egin ditu dohatsu eta santutasun-bidean jarri. Ondo dago martiriak gogoratzea, baita aingerutzat jotzea ere. Baina ez dago horren ondo martiriak, beatoak eta santuak politikaren arabera egitea. Eta, Eliza Katolikoari, frankistek hormaren kontra tirokatu zituzten erlijiosoak ahaztu egin zaizkio: Eskoriatzako parrokoa, Arrasate, Elgoibar, Errenteria eta Markinako bikarioak, Zornotzako karmeldarren nagusia, Aitzol apaiz eta idazle zena eta, gutxienik, beste bederatzi abade eta lekaide.
Memoria txarra ote? Ez, ez... ez da memoria txarraren kontua, memoria onarena baino. Espainiako Eliza Katolikoak memoria onegia du eta ez du ahaztu nahi izan euskal hamasei erlijioso horien bekatua: bai, frankista ez izanaren bekatu larria. Ezin ba horrela zerura joan.
Sekulakoa gero Espainiako Elizaren alzheimerra: orain 70 urteko gerra zaharra ahaztu ezin eta, aldi berean, eguneroko Aita Gurea errezatzen ahaztu: "Barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegun ezkero". Mortala, mortala benetan Eliza Katolikoaren mezua: esaidazu nork hil zaituen eta esango dizut zerura joaterik merezi duzun ala ez...
Hala ere, jarrera hau ez da Espainiako Eliza ultraeskuindarrarena bakarrik. Gure artean bada beste horrenbeste uste duen ultraezkertiarrik ere: esaidazu nork tirokatu zaituen eta esango dizut merezi zenuen ala ez. Esaidazu nork hil dizun aita, senarra edo semea, eta esango dizut, gero, salatzekoa den ala ez. Esaidazu nor izan den hiltzailea, hilketa hori giza-eskubideen kontrakoa den ala ez jakiteko.
Bai, Espainiako eliza frankistak akolito onak ditu, nonbait, gure artean ere.