Borboiaren alde
Azken egunotan mortalak eta bi entzun ditugu monarkiaren kontra. Baina nik, oraindik erdilotan dauden entzuleak esnatzeko baino ez bada ere, borboien alde egingo dut gaurkoan.
Begira... Ni amerikarra edo banintz, segurutik ez nuke ulertuko euren burua horren aurreratutzat duten Suediak, Danimarkak edo Espainiak zergatik jarraitzen duten, oraindik, monarkia zaharkituari eusten.
Espainiar arrunta edo banintz, segurutik nahiago nuke botoz hautatutako errepublika-presidentea, inork aukeratubako erregea baino.
Eta, Euskadi independientearen hiritarra edo banintz, euskal errepublikaren mesedetan egingo nuke eta ez, ostera, euskal monarkiaren alde.
Baina, onerako edo txarrerako, ni ez naiz ez amerikarra, ez espainiar arrunta, ezta Euskadi independientearen hiritarra ere eta, egia esan, espainiar estatuko jefea beti PPkoa edo PSOEkoa izatekotan, nahiago dut euskal jatorria duen Borboiaren neutraltasun teorikoa.
Eta ez naiz bakarra. Aurreko larunbatean, Debako Euskal Jai egunean, baserritar jantzitako hiru gazte hurreratu zitzaizkidan, txapela buruan eta kalimotxoa eskuan. Zer nahi ote zuten eta, adarra jotze aldera edo, gaurko kronika honetan zertaz aritu behar ote nuen jakin nahi zuten. Eta, egia handiak esaten diren ordu txikietan, galdetu nien:
- Zuek euskaldun peto-petoak ezta?
- Bai, bai. Bai horixe!
- Ez zarete gero monarkikoak izango ezta?
- Ez, ez. Ezta batere.
- Halere, aukeran, zer nahiago: Iparraldeko Sarkozy ala Hegoaldeko Borboia?
- Borboia, Borboia nahiago.
- Eta, zergatik ba?
- Ba... ba... Gu moduko parranderoa dalako!
Joño, beti ikasten da zerbait. Horra hor nik gogoan ez nuen beste arrazoi bat.