Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Deabru guztiak

Deabru guztiak

amat 2007/09/30 18:19

Donostiako Zinemaldian aurkeztu da Angel Amigoren El año de todos los demonios. 1976, Eduardo Moreno "Pertur" desagertu zen urtea eta Herri honek politikaren erronkari ekin zionekoa. Horixe nahi zuen Perturrek, armak utzi eta politikari ekin.

Giro hartan Xabier Arzalluz elkarrizketatu nuen Argian. Jeltzaleak bazekien abertzaletasunak aukera biren artean erabaki behar zuena. Batetik ETAren armabidea eta Estatuaren kontrako enfrentamendua. Bestetik, EAJren herri-erakundetzea, legearen ildoa eta kultura, teknologia zein ekonomiaren garapena.

Joan zen astean Pako Aristik haustura aldarrikatu zuen Euskadi Irratian. Aristik ez du ulertzen zergatik Atutxak, Knörrek, Ibarretxek edo Otegik men egiten dioten espainiar legeriari. Jaramonik ere egin ez eta kitto. Aristi idazlea da, ez du erantzukizun sozialik eta, behar bada, koherentea da... berari tokatzen zaionean besterik egiten ez duen artean. Egun berean, Begoña Erraztik desobedientzia zibila aldarrikatu zuen. Errazti politikoa da, erantzukizunen bat behar luke eta ez da koherentea.

Erraztik abertzaleen Espainiarekiko obedientziarik eza nahi du. Eta, trukean, abertzaleak ez direnek euskal erakundeei muzin egingo baliete? Behin metodoa onartuz gero, zergatik lirateke bete beharrekoak EAren ardurapeko Justizia Sailaren edota Gipuzkoako Ogasunaren aginduak?

Jira eta buelta, bide bi baino ez daude. Indarrean dagoen legeria bete ala ez. Jakina legeak aldatu daitezkeena, baina legez. Horretarako behar diren gizarte-itun, lege-betekizun eta gehiengo politiko zabalekin batera, 1979an bezalaxe. Eta gizarte-itun, lege-betekizun eta gehiengo politiko zabalik gabeko bideek 1976ko deabruetara atzeratzen gaituzte berriro ere.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: