Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Fidel Castro

Fidel Castro

amat 2007/09/02 19:39

Kubako Alderdi Komunistak gonbidatua, Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkaritza Habanan izan zen 1998ko udan, orduan gertatzear omen zen trantsizio demokratikoa bertatik bertara aztertzeko. Xabier Albistur, Iñaki Anasagasti, Rikardo Ansotegi, Joseba Egibar eta Josu Jon Imaz jelkideek hainbat bilera izan zuten eta, besteak beste, Fidel Castrok Erreboluzioaren Jauregian hartu zituen bostak gau erdiko ordu txikietan.

Komandanteak ez zuen aukera galdu euskal egoeraz hitzegiteko, ezta ETAz iritzia azaltzeko ere. Espainiako prentsa eskuindarrak besterik salatu arren, Fidelek garbi utzi nahi zuen Kuban ez zela ETAko bat bera ere ezkutuan eta bertan ziren guztiak Madrilgo gobernuaren eskariz zeudela eta, jakina, zeharo kontrolpean.

Horrez gainera, zenbait hilabete lehenago Miguel Angel Blancoren erailketa gertatua zenez, Castrok ez zuen erdipurdika jardun. Bere ustez “zibila eskulotu eta belauniko atzetik tirokatzeko gai dena ez da iraultzailea”. Eta euskal kaleetan zehar atera zen herritar-uholdeari buruz, berriz: “un verdadero revolucionario no tiene a las masas en contra, sino que las lidera”.

Segurutik ETAri bost axola zaio jendeak zer dioen, eta egia da Castrok ez dituela oraindik bete 1957an agindu zituen hauteskundeak baina, zer pentsa ere, ETA ez da Granma yatean Kubara heldu zen komando askatzailea baino abertzaleagoa, eta asteburutan Landetara edo Pirinioetara joaten diren Batasuna-zaleak ez dira azken mende erdi honetan Kubako erregimenari eutsi diotenak baino sozialistagoak.

Gure euskal gizarte honetan inor gezurretan, engainu bizian eta koherentziarik ezean bizi baldin bada, bere burua ezker abertzale ofizialtzat daukan mundu sasi-iraultzaile hori da.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: