Vinokourov, Rasmussen eta Zubeldiaren sinesgarritasuna
Vinokourov, Rasmussen Atzo amaitutako Tourra lur jota aritu omen da. Negar-zotina nagusi hainbat kazetari eta jarraitzaileren artean. Txirrindularitzak sinesgarritasuna galdu ei du, bere buruaz beste egin Nik neuk uste dut, hala ere, sekula ez direla gauzak honen ondo egin, inoiz ez dira behintzat honenbeste tranposo begi bistan nabarmendu. Tranposoak eta ez nolanahikoak, tropelaren jauntxoak jausi baitira, Tourra irabazi zezaketenak hain zuzen ere.
Zenbaiti entzunez gero, badirudi dopatzea estreinako kontua dela. Baina, ez. Justu, aldrebes. Berria dena ez da dopatzea, dopatuak estu hartzea baino. Eta, gehienbat, estuen, tropeleko handikiak hartzea.
Badut nik lagun bat, 16 urte baino ez zituela (1962), txirrindularitzan benetan hasi ala ez zer egin jakinezta, aitak Luis Otañorengana (urte hartan Espainiako Txapeldun) eraman zuena, semeak txirrindulari-ezpalik ote zuen galdezka. Mutikoa bizikleta eta guzti azaldu zen, txapeldunarekin batera hainbat kilometro-saio egiteko asmotan baina Otañok, pedalkada ziztrinik eman beharrik gabe, galdetu zion: Sabeletik nola habil? Hartu beharrekoak hartzeko gauza bahaiz, aurrera. Bestela, hobe bertan behera lagatzea.
Nik ez dut batere sufritu Vinokourov eta Rasmussen etxeratu direlako. Sufritu nuen Haimar Zubeldia bi horien atzetik aldapan gora jarraitu ezinda ikusi nuenean. Haiek bai onak, eta gureak, ostera, nahi eta ezin. Lasaitu ederra hartu dut, berriz, argi geratu denean iruzurrik gabe gure mutila Vinokourov eta Rasmussen baino zatia hobea dela.
Txirrindularitzak sinesgarritasuna galdu tranposoak harrapatzeagatik? Sinesgarritasuna ari zen galtzen denok genekiena frogatzen inor ausartzen ez zenean.