Herri kontsulta
Azken asteotako eztabaidaren arabera besterik iruditu arren, ez dut nik uste kontsulta egin beharra auzitan dagoenik. Izan ere, PPtik Batasunera bitartean, auzitan dagoena ez da erreferenduma egin beharra, zein baldintzatan eta zertarako baizik.
Adibide gisa, atzo bertan Javier Madrazok azaldu zuen egunkari honetan kontsultak ETAren kontrako jarrera eta hiritarren erabaki-ahalmena bildu beharko lituzkeela. Nik uste nuen, ostera, zorioneko kontsulta marku politiko berria adosteko baino ez zela.
Behar bada ni Madrazo jauna baino xinpleagoa naiz baina, batetik, ez dut uste ezein demokraziatan eztabaidan dagoenik hiritarren erabaki-ahalmena; eta, bestetik, nik behintzat ez nuke demokrazia, terrorismoa, giza-eskubideak, torturarik eza edo sexu-berdintasuna herri-kontsultaz erabaki beharko lituzkeen gizartean bizi nahi.
Behar bada, ETAk indarrean jarraitzen duen artean (lehergailuak jarri nahirik eta hiritarrei iraultza-zerga eskatzen) ez dago baikor izateko arrazoirik baina, zer gerta ere, nik esango nuke bekegintza eta normalizazio politikoaren abiapuntuak idatzita daudela honez gero. Hau da, Eginoko Mahaiaren erabakiak, Anoetako agiria, Kongresuaren ebazpena, hirukoaren koalizio-gobernuaren akordioa eta EAJren bakegintza eta normalizazio politikorako ekimena.
Bost dokumentu horietan biltzen dira orain arteko abiapunturik nagusienak eta bost proposamen horien baitan dagoen hirusta izango da, segurutik, irtenbidea. Alegia: indarkeriarik eza, lehenik, hitzarmen politikoa, gero, eta herri-kontsulta, azkenik.
Are gehiago, bost dokumentuon gainetik bidezidorra hartu nahi duena tronpatu egingo da behin eta berriro. Lasterbide, neke-bide.