Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nafar aldaketa

Nafar aldaketa

amat 2007/05/29 08:06

Igandeko hauteskundeetako emaitzek eskaini diguten aldaketarik nabarmenena Nafarroakoa da segurutik. Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Batzarrek osatutako NafarroaBai koalizioa bigarren indarra da eta, itxuraz behintzat, Foru Gobernua osatzerik izango du Alderdi Sozialista eta Ezker Batuarekin batera. Horretara, UPNk azken hiru legealdietan izan duen agintea galduko du eta indar-oreka berriak Hegoaldeko lau lurraldeen arteko harremanak normaltzeari ekin ahal izango dio.

NafarroaBai koalizioaren garaipena lau ardatz nagusitan oinarritu da: Lehen eta behingoz, indarren pilaketan. NafarroaBaik frogatu du zein garrantzitsu den indarrak biltzea. Elkarrekin jardun nahia ez da gurean sarrien ikusten dena, baina oraingo honetan, behintzat, horrela izan da.

Bestetik, indar-pilaketa hori bertatik bertara egin izana. Hau da, Nafarroatik bertatik nafarrentzat egindako nafar eskaintza, gainerako Euskal Herria ahaztu gabe baina beti ere nafar interesen arabera.

Hirugarrenik, nolabait esateko, “euskalherrizaletasuna”. NafarroaBairen proiektua abertzale baino gehiago, euskaldun, euskaltzale edo euskalherrizale agertu da. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Eta gero gerokoak.

Azkenik, NafarroaBai egitasmo demokratiko hutsa da. Botuen indarra baino eskatzen ez duena. Ez prozesurik, ez negoziazio ezkuturik, ez mehatxurik eta, are gutxiago, indarkeriarik. Botuen indarra eta kitto.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: