Van den Brande
Luc Van den Brande, Flandriako lehendakari-ohia eta gaur egun Europako Erregioen Batzordearen lehendakari-ordea, Bilbon egon da hemengo egoera zertan den bertatik bertara aztertzeko. Europar batzordekide guztiak Ibarretxe lehendakariarekin zein euskal alderdi-ordezkariekin bildu dira, "Europako Batasunean dirauen indarkeria bakarra gainditzen laguntzeko".
Burujabetza aldarrikatzen duen estatubako nazio asko dago Europan. Euskal Herria ez da berezia. Gurea kasu bat gehiago besterik ez da. Gure salbuespena ez da burujabetzaren aldarrikapena, ezta gatazka politikoa ere, indarkeriaren agerpena baino.
Flandriak erabateko burujabetza lortu du azken berrogei urteotan. Nabarmena da historiaz, kulturaz eta hizkuntzaz duen nortasuna eta, honez gero, Flandriaren etorkizuna Belgikarena baino seguruagoa da. Van den Branderen hitzetan, flandriarrek hiru arlotan oinarritu dute euren estrategia: Ambassade, Ancrage, Alliance.
Ambassade aipatzerakoan, Flandriak ez du gogoan ezelango enbaxada ofizialik, munduan zehar zabaltzeko flandiar interesek behar duten sarea baino. Hau da, Detxepareren ialgi hadi mundura eta Iparragirreren eman ta zabal zazu munduan frutua.
Ancrage, berriz, norberaren nortasunean sustraitu beharreko aingura-lana da: herri-nortasuna, historia, kultura eta hizkuntza landu beharra. Ialgi hadi mundura bai, baina beti ere norberaren nortasuna galtzeke.
Alliance, azkenik, aliantzak alegia. Honez gero ez dago munduan zehar bakarrik ibiltzerik. Ez ekonomian, ez kulturan, ez politikan, ez beste ezertan. Denerako bide-lagunak behar dira. Bakardadea autismoan baino ez da amaitzen. Eta autismoak etorkizun latza du.