Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Munduko Alderdi Demokraten Aliantza

Munduko Alderdi Demokraten Aliantza

amat 2007/04/29 21:07

François Bayrouk iragarri du UDF siglak utzi eta Frantziako Alderdi Demokrata sortuko duela ekaineko hauteskundeen aurretik. Aldi berean, Margheritak --kristau-demokraziaren oinordeko aurrerakoia-- eta DS komunista ohiak elkarrekin osatuko dute Italiako Alderdi Demokrata.

Berrikuntza hauek ez dira bat-batean biztu. Gibelean, Belgika, Frantzia, Euskadi, Italia, Lituania, Txekia eta Txipreko zazpi alderdik 2004an eragindako Europako Alderdi Demokrataren jarioa dago, hiru urteren buruan --liberalekin batera-- Europako Parlamentuaren hirugarren indarra bihurtu dena.

Eta mugimendu hau ez da Europara mugatuko. Bertakoez gainera, apirilaren 22an Amerika, Ekialde hurbila eta Asiako hainbat alderdi bildu ziren Erroman, Munduko Alderdi Demokraten gailurrean. Howard Dean EEBBetako Alderdi Demokrataren presidentea edota Shukria Barakzai Afganistango emakume demokraten mugimenduaren buruzagia lekuko, Txile, Brazil, Israel, Palestina, Japonia, India, Txina, Kurdistan eta beste hogeitaka naziotako ordezkari demokratek agiria hitzartu zuten, “Basque Country”ko EAJ tarteko.

Gurari batez hitzartu ere, alegia: Frantziako Iraultzak indarrean jarri zuen eskuinaren eta ezkerraren arteko dikotomia gainditu eta egungo hiritarrik gehienek aldarrikatzen duten erdigunea areagotu, “eskuineko zein ezkerreko populismoetatik ihesi”, Francesco Rutelli italiar lehendakari-ordearen hitzetan.

Ajenda globala, nazioarteko segurtasuna eta terrorismoaren kontrako jarrera, balore demokratiko eta giza-eskubideen defentsa, Milurteko garapenaren egitasmoa, genozidio-arriskua (Darfur) ekidin beharra eta zentru politikoa indartu nahia dira, besteak beste, Munduko Demokraten Aliantzaren helburuak.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: