Xabier Lete
Eta hiri berriz, Xabier, ez zekiat zer arraio esan. Egia esan, ez zekiat eskerrak eman haizena haizelako ala, errieta egin, hire burua horren estu hartzen dualako. Barka nazak Xabier, baina nik ez diat inondik ere uste, hi heu --hire buruari diotsan moduan-- saiatu arren asmatu ez duen gizona haizenik. Ez, Xabier, hi ez haiz asmatu ez duan gizona. Hik asmatu egin duk. Kostata behar bada, baina asmatu; hainbat ahaleginen ondotik ziurrenik baina, azkenean, asmatu.
Bai, Xabier, hik asmatu egin huen orain berrogei urte Ez dok amairu taldea sortzen aritu hintzenean. Asmatu gero, bertsolarien esamolde zuzenaz baliatzea erabaki huenean. Asmatu, bai, sinbologia amesgarri eta argudio arrazionalen artean esperientzia haragituaren aukera egiteko orduan. Asmatu, noski, filosofia guztien gainetik egiazko gertakariei aurre egitea erabakitzerakoan. Asmatu, eta bete-betean asmatu gainera, bizitza zorabiatuaren azken bihurgunean solidaritatea, konplizitatea eta errukia ere aurkitzeko gauza izan haizenean.
Bai, Xabier, jaioko dituk bai berriak eta Urepeleko artzainarenak kantatzen jarraituko ditek, belaunaldiz belaunaldi, hire ezpaletik eta hire bihotzetik.
Ez Xabier, hik ez duk zorrik, hik ez duk inoren erredentziorik behar. Gu gatzaizkik zordun, gu gaudek ordaindu beharretan. Maite haugu Xabier. Entzun beharra al huen? Hona ba, hitzez hitz, esana.
Goiz kronika - Euskadi Irratia