Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aldeko haize bolada

Aldeko haize bolada

amat 2006/09/26 12:55

Atzo Euzko Alderdi Jeltzaleak Forondan ospatu zuen Alderdi Eguna ez zen nolanahiko eguna izan. Atzoko eguna, besteak beste, EAJk bizi bide duen aldeko haize boladaren ispilu izan zen.

Urteak joan eta urteak etorri errutinaren gurpilean eratzen diren ospakizunek badute apurka apurka geldotzeko, baretzeko eta, azukre tontorra bezala, urtzeko arriskua, eta 1976tik hona urtero eratu ohi den Alderdi Eguna ez da salbuespena. Zer esanik ez kontuan izanda alderdi politiko batek deitutako eguna dela eta, horretara, txosnez eta janedanez jantzitako eguna izan arren, bilera politiko bat baino ez dela funtsean, politikak jendea gero eta gehiago aspertzen omen duen garaian.

Atzo, ostera, politikak eragiten dituen sasi guztien gainetik eta eguraldiak ekarri zituen laino guztien azpitik, azken urteotan baino jende gehiago bildu zen Forondan, 1980an gehiago ez agertzea erabaki zuten lagun ezagunak azaldu ziren berriro, eta Ibarretxek zein Imazek benetako buruzagitza erakusteko aukera izan zuten.

Atzo, Forondan, lantzean behin baino gertatzen ez diren momentu magiko horietako bat sumatu zen. Eta, ez bi hizlariek inoiz baino hobeto asmatu zutelako edo jendea berotzen jakin zutelako. Ez, atzo Forondan bildu zen jendetzak aldez aurretik erabakia zuen bertaratzea eta goizaldeko zaparradak inor gutxi etsiarazi zuen. Atzoko xarmaren nondik norakoa ezin da hizlarien esanetan oinarritu, Euskadik bizi duen momentuan eta momentu horri Euzko Alderdi Jeltzalea ematen ari zaion erantzunean baino.

Atzo Forondan esan zenez, "Euzko Alderdi Jeltzalea betidanik egon den lekuan dago". Alegia, irmo bere oinarrizko printzipioetan eta malgua eguneroko politikagintzan. Bai Herri honek bere etorkizuna eta bere autogobernua demokratikoki definitzeko eta erabakitzeko duen eskubidearen defentsan, baina baita eguneroko herrigintzaren defentsan ere.

Eta, itxura guztien arabera, atzoko Forondako giroa ez zen horren iturri izan, kalean dagoen haize boladaren ondorio baizik.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: