Alderdiak zertan bat etorri
Zenbat buru hainbat aburu, zenbat alderdi hainbat proposamen. Egunak joan eta egunak etorri, urteak daramatzagu normalizazio politikoaz alderdien arteko iritzi ezberdinak nabarmentzen. Honez gero, kontua ez da, ordea, alderdiak zertan ez datozen bat gogoratzea, zertaz etorri daitezkeen bat jakitea baino. Eta zerrenda hau ez da hain luzea.
Nere iritziz --eta iritzi berekoa ez denak esan dezala--, euskal hiritarrik gehienak ordezkatzen dituzten alderdirik gehienek uste dute, lehen eta behingoz, Iparraldeak, Nafarroak eta Euskal Erkidegoak hiru egoera eta erritmo politiko ezberdin dituztela. Iparraldekoen helburua Euskal Departamendua lortzea da; nafarrena, Alderdi Sozialista eta Nafarroa Bai koalizioaren artean UPN gobernutik botatzea eta Euskal Autonomi Erkidegoarena, berriz, alderdien arteko mahaia osatzea.
Mahaia zertarako? Gernikako Estatutua hobetzeko, ahalik eta estatutu berririk onena adosteko, bizimodu eta gizarte-mailaren garapenari eusteko, euskal nortasuna segurtatzeko eta Nafarroa zein Iparraldearekiko harremanak --nafarrek eta ipartarrek nahi duten neurrian-- areagotzeko.
Zenbaitek esango du hori bakarrik? Beste hainbatek, aldiz, hori guzti hori? Auskalo gero, asko ala gutxi den. Baina hori da jokoan dagoena. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.