Hirugarren bidea... erdibidea
Kataluniako Estatutu berriaren erreferendumaren atarian, datorren larunbatean bilduko dira Bartzelonan Galeuscat osatzen duten alderdiak, EAJ, CDC, UDC eta BNG. Elkarrekin Estatu espainiarreko hirugarren indarra osatzen dutela gogoraraziko dute eta hirugarren bidearen ordezkari direla aldarrikatu.
Hirugarren bidea, erdibidea, ez da batere erraza. Ez da inoiz erraza izan, baina gero eta zailagoa dikotomiak gero eta maiteago dituen gizartean. Onak eta txarrak, gorriak eta urdinak, ezkerrak eta eskuinak, erregezaleak eta errepublikazaleak, fededunak eta fedebakoak, españolak eta abertzaleak, gu eta besteak. Zenbaitek hala nahi izango luke eta, behar bada, errazago ere izango litzateke, baina heldutasun apurrik duenak badaki mundua zertxobait konplexuago dena.
Ez da gero txiripa, 1933an Galeuscaten sortzaileetako batek, Manuel Carrasco i Formiguera kristau katalanak, Euskadira etorri beharra izana Kataluniako anarkista eta komunistengandik ihesi eta, hemen, berriz, frankista katolikoek atxilotu eta heriotza-zigorrez horma kontra hiltzea.
Kristau, abertzale, errepublikazale, askatasun guztien zale... Carrasco i Formiguera ez zen mundua zuri ala beltz nahi zutenen molde meharretan sartzen. Primo de Riveraren diktadura eskuindarrak preso sartu zuen katalanez gorri antza idazten zuelako eta mugimendu ezkertiarrek, ostera, Kataluniatik bota zuten Guía Jurídica de Catalunya argitaratzeagatik.
Euskal Herrira etorri eta Eusko Jaurlaritzaren ardurapean aritu zen, segurutik bera bezainbateko kristau, abertzale eta errepublikazalerik beste inon aurkitu ez zuelako. Giro hartan, Agirre, Irujo, Castelao eta hirugarren bideko beste hainbat jende arrarorekin batera Gal-eus-cat sortu zuen.
Hala ere, Kataluniara itzuli nahi eta, Bilbotik Baionarantz atera zen Galdames itsasontzian Frantziatik zehar abiatzeko. Ez zen heldu. Faszisten Canarias kruzeruak Matxitxakoko batailan harrapatu, Burgosko espetxera eraman eta...