Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bolivia ez da Euskadi

Bolivia ez da Euskadi

amat 2006/05/21 14:26

Euskadin ondo edo iruditzen zaigu zigilu-enpresen iruzurra jasandako inbertsore pribatuei diru publikoz laguntzea, ondo iruditzen omen zaigun bezala Boliviako gobernua Repsolen ondasunez jabetzea. Hala ere ez du inork argitzen zergatik Forum Filatélicoren akzionistek Repsolenek baino eskubide gehiago duten. Nonbait Euskadi ez da Bolivia.

Euskaltzale asko ikusten dut nik Boliviako gertakariez liluratua. Ez diot nik Evo Moralesi zer egin esango, ezta hasi bezain laster muzin egingo ere, baina aitortu behar ez zaidala ikusten dudana gustatzen. Nahiz boliviar presidenteak darabiltzan jokamoldeekin bat etorri ez, gertu nago onartzeko Boliviak iraulketa behar duela, horretarako atzerriko inbertsioa uxatzea eztabaidagarri samarra den arren. Hala ere, demagun Moralesek aipatzen duen “500 urteko zapalkuntzaren” ondotik ez dagoela beti fin eta dotore jokatzerik.

Kontua da, ordea, bere burua indigenen lidertzat azaltzen duen aimarari ez zaiola oraindik aimareraz hitzerdirik entzun; Hezkuntza plan “iraultzailea” abian jartzeko kontratatu dituen adituak kubatarrak direla; boliviarren %62 indiarrak izan arren, Radio Soberanía gaztelaniaz dela; eta aimaraz jantzita petrolioaz hain arduratua agertzen den presidenteak ez duela oraindik unibertsitateaz, kulturaz edo elebitasunaz ezer esan.

Ez pentsa gero gai hauek berriak direnik Bolivian. Hugo Cárdenas aimara lehendakariorde izan zen 1993ko hauteskundeen ondotik eta Euskaltzaindiaren aholkularitza eskatu zuen hango hizkuntzak arautzeko eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarena, berriz, elebitasuna bideratzeko.

Hamahiru urte geroago Moralesek hitzegiten du gobernura heldutako lehen indiarra balitz bezala, indiarrei esker heldu da lehendakaritzara eta indigenismoaren aldarriak aipatzen ditu eten barik, baina ez du indiarren kulturaren alde erabakirik hartzen. Imajinatzen al du inork 1980ko lehen Eusko Jaurlaritza lehendakari erdaldunaz eta ETB, HABE eta euskal eskolaren egitasmorik gabe? Ez, Bolivia ez da Euskadi.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: