Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Il professore vs il cavaliere

Il professore vs il cavaliere

amat 2006/04/07 09:08

Romano Prodi irakaslea Silvio Berlusconi zaldunaren kontra, asteburu honetan Italian jokatuko den norgehiagoka. Politikari bi ezezik, bizitza ulertzeko modu bi arituko dira ahari-topekan, zein hurrengo legealdian gobernuaz arduratuko.

Eraz, Berlusconi argazkitan baino txikiagoa da eta Prodi, uste baino lerdenagoa. Aurrena bizkorra, arola eta kanpolarrosa; bestea geldoa, laua eta aspergarria. Zaldunak hitzegiten dizu, arin-arin, dena baleki moduan eta irakasleak entzun, adi-adi, ezer ez baleki bezala. Berlusconi oilarra da eta Prodi oiloa.

Moldez, Berlusconi etxegintzan aberastutakoa da, Italiako telebista-merkatuaren %90 kontrolatzen du, Mafiarekiko harremanak leporatzen zaizkio eta munduko 25 pertsonarik dirutsuenetakoa. Prodi, ostera, kultura-gizona, giza-baloreen defendatzaile, edozenbat unibertsitatetan ekonomia doktore eta hogeitaka libururen autore.

Zentzuz, Berlusconik eskuin-zentrutik faszismorainoko hamar alderdi gidatzen ditu eta Prodik, berriz, beste hamalau bildu, kristau-demokrazia, ezker-zentrua eta alderdi komunistak tarteko. Berlusconi antieuropar amorratua da eta Prodi europarzalerik sutsuenetakoa. Berlusconi Irak-eko gerraren bultzagile eta Prodi italiar indarrak etxeratzearen aldekoa. Berlusconik pailazo-ospea du nazioartean eta Prodik, aldiz, intelektual-irudia.

Hala ere, jestio ekonomikoa izango da italiarrek botoa emateko gehienbat gogoan izango dutena. Prodi, teoriaz ezezik, praktikan ere ekonomilari ona da. Industri-birmoldaketa arrakastaz egin zuen 1982an eta txukun laga zuen Italia, 1998an Lehen Ministroa izateari utzi zionean. Berlusconirekin, aldiz, Italia sekulako unerik larrienean dago hazkuntzaz, produktibitatez eta lehiakortasunez.

Bi arrazoi nagusi izango dituzte italiarrek Prodiren aukera egiterakoan. Bat, Prodi Berlusconi baino fidagarriago iruditzen zaiela etorkizuna segurtatzeko orduan. Eta bi, Berlusconi bistatik kentzea arrazoi nahiko dela, besterik gabe ere.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: