Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Orain 300 urteko aldea

Orain 300 urteko aldea

amat 2006/03/26 18:21

Kataluniako Estatutu berria dela-eta, sarri dira aipagai Kataluniako eta Euskadiko estatutuen arteko aldeak. Inork ez du gogoan, ostera, estatutu biren arteko diferentziarik handiena orain 300 urteko historian oinarritzen dela.

Gauza jakina da Katalunia eta Euskal Herriko (Euskal Autonomia Erkidegoa zein Nafarroa) ordenamendu juridikoen arteko alderik nabarmenenak eskubide historikoak eta eskuduntza fiskalak (Kontzertu Ekonomikoa) direla.

Jakina ere bada, 1979ko Gernikako Estatutuak eskubide historikoak bildu arren, Estatutu katalanak ez duela beste horrenbeste egiten. Jakinekoa den moduan, 1978ko Konstituzio Espainiarrak 1839ko euskal foruak aipatzen dituela, Kataluniakorik batere aipatzen ez duen artean. Gauzak honela, galdera zera da: Aragoiko Koroa espainiar Estatuaren sortzaile izanda, zer dela-eta ez zaio Kataluniari eskubide “historikorik” aitortzen? Erantzuna, 1716an.

XVIII. mendearen hasieran Ondorengotza Gerra izan zen, borboiak (Felipe frantsesa) eta austriarrak (Karlos artxidukea) elkarren aurka. Euskal Herriko lau lurraldeak borboien alde aritu ziren eta Aragoi, Katalunia eta Valentzia, aldiz, austriarren alde. Gerra borboiek irabazi zuten, Felipe V.a erregetu eta, bere alde aritutakoak saritu eta kontra jardundakoak zigortu. Alegia, lehenengoen foruei eutsi eta besteenak hautsi.

Hau izan zen, segurutik, azken 500 urteotako historian zehar euskaldunok irabazitako gerra bakarra. Galdu genuen Amaiur (1522), galdu genituen XIX. mendeko karlistadak eta baita Francoren (1936) kontrakoa ere. Paradoxa izan arren, Herri hau beti izan da trebea armagintzan baina sekula ez du asmatu, ostera, armetan jarria.

Orain 300 urteko borboien aldeko hura gure gerra-garaipenik bakarrenetakoa izan zen, baita onuragarriena ere. Oraindik ere haren errentaz dugu indarrean dugun autonomi-maila eta, noski, baita 1978ko Konstituzioa zein 1979ko Estatutua negoziatu zutenen memoria historikoari esker ere.

Zenbait ia 30 urte geroago konturatu arren.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: