Michel Labéguerie
Hogeita bortz urte joan dira Michel Labéguerie (1921-1980) hil zenetik eta zonbait ekitaldi eratu da Kanbon haren omenetan.
Gazte-gaztetandik EAJ-PNBri atxikia, Enbata taldearen sortzaileetakoa (1959) izan zen Ximun Aran, Piarres Larzabal, Jacques Abeberry, Jean-Louis Davant eta bertze lau lagunekin. Geroztik, Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita (1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), Itsasuko Agiri (1963) abertzale sutsuaren sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren Kontseilari Nagusi (1964-1980), Kanboko auzapez (1965-1980) eta senatari zentrista (1969-1980)... bi hamarkadatan Iparraldeko politikari euskaltzalerik nagusiena izan zen.
Uztaritzen sortua eta arotzen seme, mediku-ikasketak egin zituen Bordelen eta doktoretza erdietsi. Unibertsitari zela, Irrintzi talde jeltzalearen partaide izan zen Eugène Goyhenetcherekin eta, diotenez, gerla ondoko PNBren zerbitzu berezietan iharduki zuen. ETAko errefuxiatuen lagungarri aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, baina bortizkeria tarteko, giro harekin erabat hautsi zuen 1964tik aitzinat.
Labéguerieren erranetan, Iparraldea abertzale bilakatzeko beharrezko omen alderdi abertzale moderatua, nationalisme hitzak berak ere beldurra sortarazten duelakoan. Euskalduntasunaren eta euskaltzaletasunaren aldeko erronka azkarra egin zuen, baita Iparraldeko hautetsien biltzarra suspertarazi eta Zazpiak bat izeneko egitasmo politikoa proposatu ere, Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europaren baitan. Hegoaldeko Eusko Legebiltzarraren sortze-egunean Gernikan izan zen eta baita, 1979an, EAJ-PNBren Alderdi Egunean ere.
Erran gabe doa, politikari euskaltzale ezezik euskal kanta berriaren gurasoetakoa ere izan zela, Mikel Laboarekin batera. Labégueriek Georges Brassens (1921-1981) interpretea izan zuen oinarri eta Laboak, berriz, Kataluniako nova canço mugimenduaren ekarpena egin. 1960ko gazteriak ez ditu bizirik dirauneino ahantziko Labéguerieren Gu gira Euskadiko, Haurtxo haurtxoa, Primaderako lilia, Zer duk nigarrez, Gure astoa balaan, Bakearen uxoa eta bertze anitz.
Gizon argi, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxe-baita ireki zigun ardura.