Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aukeran, Borboia hobe

Aukeran, Borboia hobe

amat 2005/12/11 20:23

Munduan zehar sakabanaturik bizi direnez aparte, euskaldunik gehienok Auñamendiren bi magaletan bizi gara. Zenbait Espainiako Erresumaren hiritarrak gara eta beste hainbat Frantziako Errepublikarenak. Egia da inork ez digula, ez batzuoi eta ez besteoi, hautatzeko aukera handirik eman baina egia ere bada horrela dela.

Euskaldun askok garbi omen dugu beti ere hobe litzatekeela euskal hiritar hutsak izatea, espainiarrak edo frantziarrak baino, baina ez genuke ordea erantzun errazik izango frantziarrak ala espainiarrak, bietarik zer nahiago ote dugun izan inork galdetuko baligu. Izan ere, ez dakit zergatik ez diogun galdera hau geure buruari egiten, gaur gaurkoz errazago eta egiazkoagoa baita Frantzia eta Espainiaren artean erabaki ahal izatea, Frantziarik eta Espainiarik gabeko Euskal Herririk osatzea baino.

Esan bezala, ez dut uste inoiz entzun dudanik, aukeran, hobea ote den frantziarra ala espainiarra izatea, baina sarri entzun izan dut, ordea, hobe dela errepublika monarkia baino. Dirudienez, euskaldunik gehienontzat askoz ere aurrerakoiagoa da errepublika monarkia baino, monarkiak gure zenbait nortasun eta eskubide historiko onartu arren eta zorioneko errepublikak, ostera, Euskal Herririk denik ere ez onartu.

Hastapenei bagagozkie, badakit errepublika monarkiarik liberalena baino demokratikoagoa dela baina, euskal praktikari atxikiz behintzat, ez dut ulertzen zertan den Jacques Chirac politikaria presidente hautatu ahal izanaren abantaila eta zertan, berriz, Felipe printzea errege hautatu ezinaren abantailarik eza.

Euskaldunok kartesiano samarrak gara lanorduetan, iraultzaile sutsuak baxoerditan eta guztiz homologagarriak, berriz, telebistaurreko bakar-orduetan. Baina, gurea argitzen den bitartean, nik nahiago Borboiren bat errege, Aznarren sokakoren bat espainiar errepublikaren presidente baino.

Ez, ez naiz teoriaz hitzegiten ari. Biekin izan dut aurrez aurre Euskal Herriko arazoez hitzegiteko beta eta, aukeran, ezta hurrik eman ere gero.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: