Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Vedettismo guztien azpitik

Vedettismo guztien azpitik

amat 2005/08/07 23:31

Mikel Garmendia, ETBren “Goenkale”ko Joxe Mari, larunbat hil zen eta hileta-elizkizuna gaur arratsaldean izango da Donostiako Artzain Onaren katedralean. Goian bego Mikel eta gure gomutaz bizi bedi beti Joxe Mari.

Segurutik Mikel Garmendiak islatzen du inork baino hobeto sekula izan den lehen euskal aktore-aktoresa profesionalen belaunaldia. Bai, behar bada, berandu samar ekin ziolako (37 urterekin) baina baita lanbidearen errutinari ere gogotsu atxiki ziolako.

Oraintsu arte batere administrazio publikorik gabe jardundako euskalgintzan, bat-bateko ahaleginak, gizabanako bakoitzaren behin-behineko apostuak, unean uneko ekimen solteak eta heroien pareko jokamoldeak zeharo txalotuak eta goretsiak izan dira. Euskal gizartearen erakundetzeak (Euskal Autonomi Erkidegoan gutxienik) estreinako erakarri du, ostera, gure artean aurretik gutxi landu izandako balorea: errutina.

Zenbaitek gutxietsi eta txarretsi arren, errutina da edozein normalkuntza lortu ahal izateko oinarrietakoa. Ezein sistema politikok, gizarte-egiturak, enpresa-kudeaketak, kontsumo-merkatuk edo sektore profesionalek lehen eta behingoz behar dutena zera da: errutinaren segurtasuna. Azterketak, ikerkuntzak zein eraberrikuntzak behar dute jenialitate punttua eta suerte pittina baina, zer gerta ere, baita aldi berean ezin besteko lan-sistematizazioaren errutina “aspergarria” ere.

Errutinak ez du balio torlojuak edo txurroak egiteko soilik, baita kazetaritza, literatura, gidoigintza eta aktoretza-lanerako ere. Irudimena ondo dago, baina irudimenak behar zaitu ganoraz lanean harrapatu. Pedro Migel Etxenikek esan ohi duen bezala, edozein lan onek behar du %5 inspirazioa eta %95 transpirazioa, lanari darion izerdia alegia.

Mikel Garmendiak eta --are zehatzago-- Joxe Marik ezin hobeto ordezkatu izan dute, biek ere, azken hamar urteotan aktore-lanaren errutina, berezko guztien gainetik eta vedettismo guztien azpitik.

Jaioko dira, bai, berriak, baina Mikel eta Joxe Mari dira euskal errutinak.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: