Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Biderik gabeko Santiago-bidea

Biderik gabeko Santiago-bidea

amat 2005/07/25 00:31

Adineko euskaldun fededun askok ez du ulertzen zelan arraio Santiago eguna jai den Euskadin. Gure aittitta zenak, nahiz eta jaiegunero mezatara joan, Santiago egunean apropos uzten zion joateari, “Espaiñako patroia zalako”.

Auskalo gero frankismoaren eraginez izan ote zen, baina gerra ostean indarrez zabaldu zen euskal itsasbazterreko Santiago-bidea. Jakitun ei zirenek erakutsi ziguten Nafarroatik pasatzen zen “bide frantsesaz” gainera, bazela beste bat, Irungo Santiago zubitik sartu eta Pasaia, Igeldo, Itziar, Astigarribia, eta Ziortza barrena, Bilbora zihoana. Hala ere, gero etorritako jakitunek bide hori gezurtatu dute.

Elena Barrena eta Jose Antonio Marin azterlariei jaramonik egingo badiegu, gaurregungo mapak besterik ematen badu ere, IX-XI mendeetan ez zen jakineko biderik Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasbazterrean. Gaurko begiez ikusita gauzarik normalena Donostiatik Bilborako autopista iruditu arren, orain dela mila urte Gipuzkoako bide nagusiak ez ziren “ezker-eskuinekoak”, “behetik gorakoak” baino, hau da, ibaiak jarraituz, hegoaldetik iparralderantza Nafarroatik eta Arabatik itsasoraino zihoazenak.

Erdi Aroan Mediterraniotik Atlantikorako galtzadarik garrantzitsuena Tarraco-Oiaso (Tarragona-Iruñea-Bidasoa) zen eta Bilborako bidea ez zen itsas-albokoa, Iruñetik Beasain, Bergara eta Elgetarainokoa baino; edota Arabatik zehar Arlaban, Arrasate eta beti ere Elgetara bitartekoa, hemendik Elorriora jaitsi eta Durangaldean zehar abiatzeko. Aldi berean, Akitaniatik Bidasoaraino zetorren bideak ez zuen itsasbazterretik jarraitzen, Andatzarratetik zehar Lasartetik Beasainaldera baino, eta hemendik, berriro ere, Elgeta gainera.

Beraz, gure itsasbazterreko Santiago-bidea oinarririk gabeko asmakizuna da eta gure turismo-paperak gezurretan ari dira. Itsasaldeko herriek pentsa dezakete ea zertara datorren orain sasi-boikot hau, eta elgetarrek pentsa lezakete, ostera, ea noiz arraio den euren txanda.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: