Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Guraso haur-tratulariak

Guraso haur-tratulariak

amat 2005/05/22 20:10

Asier del Hornok Chelsea futbol-taldean jokatuko du hurrengo lau urteetan. Hilero 300.000 € (50 milioi pta.) kobratuko ditu eta, horrela, bere etorkizuna eta bere familiaren bizitza konponduko omen ditu. Ondo dago gero semeak familiaren bizitza konpondu nahi izatea. Ez dago horren ondo, ostera, gurasoek semearen etorkizunaz baliatu nahi izatea euren egoera konpontzeko.

Valentzia futbol-taldeak oraintsu fitxatu du 11 urteko mutiko serbiarra. Gurasoek nahi omen dute semea futbolari izan dadin eta ez dute eskolara bidaltzen, entrenura baino; mutikoari ikaragarri gustatzen omen zaio gurasoek jarri dioten plana eta Valentziak familiaren baimenaz fitxatu du mutikoa. Beraz, non da arazoa?

Arazoa zera da: Valentziak fitxatu duen mutiko serbiarraren kasua ez dela bakarra, ezkutuan dagoen icebergaren muturra baino. Gure inguruan ere bada horrelakorik, gurasoak komunikabideetara kontakatilu joaten ez badira ere. Halako tratutan hasten diren euskal gurasoak ez dira serbiarrak baino hobeak, lotsatiagoak diren arren.

Bai, Euskal Herrian gertatzen ari da. Espainiako ekiporik onenen ordezkariek dihardute euskal gaztetxo-taldeak ikustatzen eta 11-12 urteko jokalaririk onenak aukeratzen Gonbidatzen dituzte gero izarrik handienen entrenuetara, ematen zaizkie Beckham edo Zidaneren pareko jokalarien autografoak eta euren elastiko izerdituak, eta mutikoak aho zabalik itzultzen dira etxera.

Eta, zenbat balio du 11-12 urteko mutiko batek? Balio... segurutik asko. Kostatu, ostera, ez horrenbeste: gurasoen anbizioa hamar urtez baretzeko hainbat eta mutikoaren bizitza betiko baldintzapetzeko bezainbat. Garai batean lehen fitxaketak 18 urtetik aurrera egiten ziren, gero 14-16rekin, orain 11-12rekin eta, martxa honetan eskolan sartu bezain laster.

Auskalo umetandikako fitxaketa-sistema honek harrobia suspertuko ote duen edo futbolaren finantziazioa erraztuko, baina garbi dagoena zera da, dezente asko agertaraziko dituela zenbait guraso tratulariren heldutasun eta erantzunkizunik eza.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: