Atutxa, adierazgarri
Segurutik gero Juan Mari Atutxa gizona eredugarri da hainbat arlotatik begiratuez gero, ezin hobeto betetzen du-eta Lapurdiko tradizio zaharrean erabili izaten zen joka gaitezen oneski leloa, Axularrek 1643an aipatu zuen ildo beretik. Baina Atutxa gizona ezezik, Atutxa politikaria ere izan bada gure katramilen arteko eredu eta adierazgarri.
PSE, PP eta EHAKren esanetan Atutxa ez omen da legebiltzarburutarako behar beste adostasunik lortu dezakeen hautagaia. Berei entzunez gero bistan da horrela dela. Baina horrelakorik entzunda euskal politikagintza batere ezagutzen ez duen edonork pentsatuko luke hiru alderdi horiek bat datozela Atutxaz aparteko bestelako gairik gehienetan. Alegia, arazoa Atutxa bera dela eta ez PSE, PP eta EHAKren arteko aldez aurreko adostasunik eza.
PSEk eta PPk erruz txalotu zuten orain dela hamar urte Atutxa Barne sailburuaren lana, ETAren sarraski eta mehatxu bortitzen aurrean jarrera irmoa azaltzeko gauza izan zelako. Baina ez dira Atutxaren irmotasunaz jabetzeko gai izan, aldiz, legebiltzarburuak euskal parlamentuaren burujabetza eta duintasuna zer gerta ere defenditu izan dituenean. Eta ez da Atutxa aldatu dena izan.
Batasunaren munduak, berriz, ez dio batere onetsi nahi izan Atutxa legebiltzarburuari Sozialista Abertzaleak taldea ez ezabatzeko azken urteotan egindako ahaleginak, eta gogorarazten dizkio, ostera, aurreko hamarkadan Barne sailburu zelarik azaldutako jarrera. Auskalo gero nork duen arrazoi, baina bistan da ez dela Atutxa geroztik aldatu behar izan duena, orduko kale-borrokan eta arma-mehatxuka ari zirenak baino.
Esanak esan, ondorioa zera da. PSEk eta PPk lortu dute Atutxa legebiltzarburua auzitan sartzea eta besteek lortu dute Atutxa bizkarzainez inguratua bizi behar izatea. Batzuek ez dute Itun Antiterrorista eta Alderdi Legea baztertu nahi eta besteek ez dute oraindik mehatxu-bidea uxatu. Baina, hori bai, bat datoz Atutxa ez dela hautagairik aproposena esaterakoan.