Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Europaren perestroika

Europaren perestroika

amat 2005/05/01 17:21

Euskal Autonomi Erkidegoan bi milaren bat txinatar bizi omen dira eta, guztien artean, mila inguru denda, jatetxe edo negozioren jabe dira. Hau da, bi enpresako ugazaba bat. Segurutik ez dute nahi beste irabaziko, gehienek ez dute segurtasun sozialik izango, ez ordu estrarik, ez astebururik, ezta oporrik ere.

Gurea ez bezalako beste lan-kultura baten seme-alabak dira baina ez daude bakarrik. Txinan, ezpal bereko beste 1.300 milioi bizi dira. Ez dira inondik ere guk amesten dugun gizarte-ereduaren ordezkari baina hor daude, gurea kolokan jartzeko gertu.

Aurtengo lehen hiru hilabeteetan Txinatik Espainiara etorri diren galtza-inportazioak %1000 gehitu dira. Ondorioz, galtza espainiarren prezioa %43 jaitsi da. Eta antzerako gertatzen ari da gainerako jantziekin eta, Espainian ezezik, baita Italian, Frantzian eta Europako Batasun osoan ere. Eta orain oihal-sektoreaz gertatzen hasi dena burdin-industriaz gertatuko da berandu baino lehen eta, ondoren, baita teknologiaz ere. Aldaketa handien ataritan gaude.

Txinatar globalizazioaren erronkari nola erantzun inork asmatzen ez duen bitartean, gizarte-ereduaren eztabaidak gero eta antzuago eta zaharkituago ematen du Europan. Auskalo ezkertiarren eta eskuindarren arteko zatiketa klasikoak indarrean jarraitzerik ote duen oraindik, baina bistan da gero soluzioa ez dela behintzat hortik etorriko. Mendebaldeko Europan nagusitu zaigun ongizatezko gizartea bi giltzarritan oinarritu dugu: merkatu aske eta liberalak sortarazten duen aberastasunean, batetik, eta aberastasun horren ahalik eta banaketarik solidarioenean, bestetik. Oreka eztabaidagarri da, baina aberastasuna banatzeko sortu egin behar da lehenik.

Zenbait azterlarik dioenez, mendebaldeko Europak ez omen du oraindik ekialdeko Europak izandako perestroikarik izan. Ekialdeko Europak ba omen daki gauzak ez direla sekula gehiago izango orain arte izan diren bezala. Baina mendebaldeko Europak ez omen du, orain arte, datorkion egoera berriaz jabetzerik nahi izan.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal