Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mapa berria ote?

Mapa berria ote?

amat 2005/04/18 23:35

Hauteskundeek gizartearen mapa politikoa eraldatu ohi dute lau urtetik behin eta, dirudienez, atzoko emaitzek 2001 eta 1998ko argazkien arteko bataz bestekoaren apustua egin dute. Argazki interesgarria geratu denik ezin uka. Abstentzioaz, behintzat, atzoko %31 dezente hurbilago dago 1998ko %30etik orain lau urteko %21 hartatik baino. Ez da falta izango partaidetza murritz hau eguraldi eskasari leporatuko dionik baina aldez aurretiko inkestek sumatzen zuten datua da.

Emaitzen arabera, PNV/EAJ-EAk koalizioak lortutako portzentaia (%38,60) orain lau urtekoaren dezente azpitik (%42,72) geratzen da baina 1998ko datuaren (%36,7) gainetik. PPren portzentaia (%17,32) ere orain dela lau urtekoa (%23,12) eta zortzi urtekoa (%20,13) baino nabarmen motelagoa. PSEk atzo eskuratu zuen portzentaia (%22,64), ostera, 2001koa (%17,90) eta 1998koa (%18,6) baino altuagoa da.

EHAKk (%12,54) orain lau urte EHk lortutakoa (%10,12) gainditu du, 1998ko emaitzetara (%17,91) heldu ez den arren. EBk (%5,47), berriz, 2001ko datuari (%5,58) eutsi dio, 1998ko emaitza (%1,3) erraz asko gaindituz. Azkenik, Aralarrek %2,34 lortu du.

Bistan da euskal gizarteak ez duela oraingo honetan 2001ko mamurik sumatu, ez duela euskal autogobernua auzitan ikusi, eta ez dituela hauteskunde hauek Estatutu Politiko Berriaren plebiszitotzat hartu. EAJ-EA koalizioak (29) PSE-PP (18-15) bikoteak elkarrekin baino lau parlamentari gutxiago lortu du, baina ez 1998 bezala, 5 gutxiago. Eta aurreko bi autonomikoetan ez bezala, sozialistek bigarren postua kendu diote PPri.

Ibarretxeren koalizioak 4 parlamentari galdu arren, EHAKk (9) 2 gehiago lortu dituenez eta Aralarrek bat, Legebiltzarraren parlamentari abertzaleak 39 izango dira, 2001an (40) eta 1998an (41) baino gutxiago. EHAKren emaitza onek animatuko al dute Batasuna mundua behingoz ekintza armatuari muzin egiten?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: