Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Franco, militar golpista eta diktadore

Franco, militar golpista eta diktadore

amat 2005/03/20 21:44

Madrilen zutik geratzen zen Francoren estatua kendu dute behingoz. Zenbaiten ustez ez omen zegoen kendu beharrik eta beste hainbaten iritziz, ostera, 25 urte behar izan omen ditu espainiar demokrazia lotsatiak erabaki hori hartzeko. Behar bada denek dute arrazoi.

Egia da, bai, Franco diktadorearen estatua bistatik kentzeko 25 behar izan dituen demokraziak azalpenen bat edo beste zor digula hiritarroi, baina egia ere bada, ulergarriagoak liratekeela era horretako erabakiak berehala eta bero-beroan hartzea, harako pertsonaia hil zenetik 30 urtera baino. Alegia, nik ulertzen dut Sadam Husseinen estatua iraultza-giropean lurrera botatzea eta, segurutik, horrela izan beharko du gainera; baina, segurutik ere, nere ilobek ez lukete ulertuko 30 urte barru horrelakorik egitea.

Gure transizio-garaian egon nintzen ni San Bonifazion, mendez mendeko hainbat kultura eta zibilizazioren bidegurutze izan zen gotorlekuan, Korsika eta Sardinia uharteen arteko itsaspidean. Orduan behintzat harresi antzuak eta zoko meharrak baino ez ziren gelditzen eta, tarteka-marteka, garaian garaiko jauntxo, diktadore eta gainerako gaizkileen izenak zeramatzaten kale eta estatua zaharkituak, XVI. mendetik hasi eta Mussolinirenganaino.

Guk orduan hemen bizi genuen dena hankaz gora bota beharrak eraginda edo, galdetu nuen ea zergatik ez ziren kalterik baino egin ez omen zuten pertsonaia haien izenak eta oroitarriak kentzen, eta zeharo harrituta erantzun zidan: “Kendu? Onerako edo txarrerako gure historiaren parte dira barren¡”

Geroztik ez naiz ni sekula kale-izendegiak eta oroitarriak errazegi aldatzearen zale izan. Badakit demokraziak behar dituela diktaduraren gehiegikeriak orekatu baina, aldi berean, uste ere uste dut demokraziak zor diola historiari diktadurak ukatzen dion objetibitatea.

Honez gero, behar bada bidea ez da Franco bistatik kentzea, estatuaren azpikaldean zera jartzea baino: “Francisco Franco, 1892-1975. Militar golpista eta diktadore”. Baita Valle-de-los-Caídos-eko hilobian ere.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: