Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Don Bildur

Don Bildur

amat 2005/01/23 20:00

Don Bildur jauna ez da batere berria. Ia zortzirehun urte joan dira Berceo poetak lehen aldiz aipatu zuenetik hona. Geroztik, Don Bildur lantzean behin agertu izan zaigu historian zehar, izurriteak, inkisizioak eta gainerako mamuek eraginda. Azken bolada honetan, ostera, ekonomiak deituta agertu izan zaigu Don Bildur, edo, hobeto esanda, ekonomiaren aitzakiaz politikak deituta.

Roman Knörr jaunari jaramonik egingo badiogu euskal ekonomia Estatutu Politiko Berriaren bildur da. Ez da kontu berria. Orain 25 urteko hemeroteka begiratu besterik ez dago konturatzeko Gernikako Estatutuak ere antzerakoa sortu zuela APko jarraitzaileen artean. Hala ere, gaur egun ez dago inor, ekonomiaren izenean behintzat, Gernikako Estatutua txarretsiko duenik; are gutxiago Estatutu hura ekonomiaren aitzakiaz gaitzetsi zutenak defendatzaile amorratu bihurtu direnez gero, itxuraz behinik behin.

Aste honetan ezagutu diren datuak aipatuez gero, ez dirudi euskal politikak inor bildurtzen duenik. Ez behintzat lan-merkatua eta turista-kopurua. Lan merkatuari dagokionez, sekula historian baino landun gehiago dago gaur egun Euskal Erkidegoan eta langabezia, aldiz, 1985etik honako murritzena, Europako Batasunean baino bi puntu gutxiago. Turismoaz, berriz, 2004 urtean inoiz baino bisitari gehiago etorri da eta orain hamar urte baino bi bider gehiago.

Jakina, bildurrak ez omen du arrazoirik behar. Bapo. Baina, hala ere, zein sektoreri egotzi beharko genioke ustezko bildur hori lan-merkatua inoizko oparoena baldin bada eta kanpotarrek sekula baino gehiago bisitatzen baldin bagaituzte? Nor da bildur? Zeren bildur?

Behar bada arazoa besterik da. "“Basta-ya”"ko jendeak nahi izan zuen bezala sukaldariek euren jarrera politikoa jendaurrean aitortu zezaten, hainbatek nahi luke enpresariek jakineko kolore politikoren baten aldeko postura publikoa azaltzea. Baina guk ez ditugun euskal sukaldariak eta euskal enpresariak horretarako behar, bakoitza bere lanean onena izan dadin baino.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: