Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Le Réveil Basque”, euskarazko kazetaritzaren katebegi ahaztua

“Le Réveil Basque”, euskarazko kazetaritzaren katebegi ahaztua

Amatiño 2025/12/12 20:40
Ez da arras ezaguna egungo euskal irakurlerik gehienen artean, baina “klasikoa” da euskal kazetaritzaren historian barrena, XIX. mendearen hondarrean “Le Réveil Basque” (gorria) eta “Eskualduna” (xuria) astekarien arteko dema.

Historiak eskuzabalago jokatu du kontserbadoreekin errepublikazaleekin baino eta, hain zuzen ere, Imanol Murua Uriaren “Biba gorriac” (Upaingo Saila, 2025) saiakera, gorrien ekarpen ahaztuxea oroitaraztera dator.

Le Réveil Basque (1886-1895) Martial Henri Bordely errepublikanoak sortu eta zuzendu zuen bere hautagaitzaren lagungarri (1) eta, erreakzioz, Louis Etxeberri politikari kontserbadoreak Eskualduna (1887-1944) sortarazi zuen bere helburu politikoen makulu eta  elizaren estatusaren mesedetan (2).

Garai hartan Europan usu zen hildo nagusitik, bata zein bestea, astekari biak izan ziren kazetaritza ideologikoaren lekuko, bien lehentasuna jakineko helburu politikoa zen eta biek jardun zuten, astea joan eta astea etorri, elkarren lehian, kontra eta mokoka.

Elkarren arteko desberdintasunak nabarmentzekotan, Imanol Muruak azpimarratzen du Le Réveil Basque izan zela lehenengoa ateratzen, lehena kazetaritza euskaraz lantzen eta aurrena informazioa jorratzen (3). Bordelyren zuzendaritzapeko astekariak, inguru-minguru hurbileko informazio politikoa ez ezik, Frantziako (4) politika orokorraren berri ematen ere asmatu zuen, ordu arte inork euskaraz aipatu gabeko gaiak (elizbarruko pederastia, esaterako) azaldu zituen eta, jakineko kazetarien izen-deituren gainetik, erredakzioaren talde-lana lehenetsi zuen.

Eskualduna astekari xuriak, ostera, sorrera beretik eman zion euskarari gorriak baino garrantzi gehiago, euskal testuei leku handiagoa eskaini zien, bai eta euskal eremuko gaiei lehentasuna opa izan ere. Horrez gainera, idazle jakinekoek (Jean Hiriart-Urruty, Jean Etxepare, Jean Elizalde etab.) sinatutako artikuluak argitaratu ohi zituen, irakurle gehiago (5) ere bereganatu, nonbait, eta, besteak beste, bide nabarmen luzeago (6) burutu ahal izan zuen.

Le Réveil-k 9 urte besterik ez irauteak, Eskualduna 57 urtez luzatu zen bitartean, eta Baionako oinordeko Herriak oraindik ere astez aste jarraitu izanak ez diote batere mesederik egin kazeta errepublikazalearen memoriari, ez eta geroztikako hainbat biltzaile bigarrenaren kolorekoak (Julien Vinson, Piarres Lafitte, Luis Villasante, Santi Onandia…) gertatu izanak ere. Gainera, 1940 eta 1950 hamarkadetako  belaunaldiari hainbat urtez adierazi izan zitzaigun Jean Hiriart-Urruty (8) kazetari-eredu antologiko gisa, eta Le Réveil Basque-ren erreferentzia pertsonal ezagunik ezak beronen kaltetan jokatu zuen, ez baitu alferrik Muruak astekari errepublikanoa euskarazko kazetaritzaren katebegi ahaztutzat jo behar izan (9).

Bataren zein bestearen  zertzelada bereziez gainera, Imanol Muruak Le Réveil Basquek iraun zuen bitartean Frantzian gertatutako hainbat aferaren berri ematen du (garaiko mobilizazioak, joko politikoa, elizaren eskandaluak, emakumeen gizarteratzea, Eiffel dorrearen eraikuntza, Maiatzaren Lehena eta zortzi orduko lan-eguna, Frantziako Carnot presidentearen erailketa, gillotinarekikoak etab.), astekari bion informazio-molde eta jarrerak erkatze aldera.

Edonola ere, Paueko Le Réveil Basque astekaria ezertan aitzindaria izan bazen, kazetaritza politikoa euskaraz lantzen izan zen. Eta aitzindaritasun hori ezin izango dio gorriari (10) ‘sekula santan’ inork ukatu.

---ooOoo---

1) Izan ere, batez beste, Bordelyk politikagintzari ekin zion bitartean baino ez zuen iraun “Le Réveil Basque” astekariak.

2) “Le Réveil Basque”k (Euskal Iratzartea) monarkia arbuiatzen zuen, baina ez zen, sistemaz, erlijioaren kontra aritu, Piarres Lafittek ‘antiklerikaltzat” salatu arren.

3) “Bertzalde, berri larriak, bereziki politika mundukoak, laburki ematean euskal kazetaritzaren historian lehena izan daiteke". Réveil Basque astekari errepublikano elebiduna (1886-1894). Xabier Aitzibar. 

4) Izatez, erredakzioa eta moldiztegia, Euskal Herritik kanpo, Pauen zituen.

5) Wikipediak dioenez, Le Réveil Basque izan zen "Baionan sortutako Eskualduna astekari xuriak (eskuindarrak) izan zuen arrakastak itxiarazita". 

 6) 1944ean, Frantziako gobernuak itxiarazi zuen nazien aldeko zurikerietan aritzeagatik, eta hurren urtean, Piarres Lafittek jarri zuen berriro indarrean “Herria” izenburupean.

7) Tamalez, ezin nonbait seguru zehaztu euskarazko kazetaritza politikoan aurrenak eta bat-batekoak izan ziren aitzindari haien izenak.

8) Joseba Intxaustiren zuzendaritzapeko “Mintzaira, aurpegia, gizon!” (Jakin, 1971) eta “Zezenak Errepublikan” (Jakin, 1972).

9) "Horrek guztiak erakusten baitu euskal idazle eta kazetari gorriak edo errepublikanoak ere izan ditugula”. Xabier Altzibar.

10) Egungo irizpideen arabera  gorri-gorria ez bazen ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: