“Karmele", filmik politikoena
Asier Altuna zuzendariaren Karmele filma dago oinarritua Kirmen Uribe idazlearen “Elkarrekin esnatzeko ordua” (1) eleberrian, non jasotzen den Karmele Urresti eta Txomin Letamendi ezkontideen familiaren bizitza (1927-2011) eta, zehatz, 1936an gerra hasi eta Txomin, 1950ean poliziak torturatua, Madrilen hil ostean, Karmele Venezuelara itzuli artekoa.
Hamabost urte haietan gertatutakoa laburbiltzen (114 minutu) ahalegindu da Altuna, eta Karmeleren (Jone Laspiur) ubera hartu du ardatz edo enbor nagusitzat, zeinetik esekitzen baitira, adar gisa, eta lar sakontzeke, senarra (Eneko Sagardoy), ama (Nagore Aranburu) eta aitaren (Javier Barandiaran) pasarte eta zertzelada pertsonalak.
Altunak lortzen du –arrapaladan baina geldo antza— familiak hartara bizi behar izan zuen gertaera-andana (ihesa, Paris, Venezuela, itzulera, ezkutupeko aktibismoa…) egungo ikusentzuleek ulertzeko besteko argitasunaz bilbatzea, eta aktoreek sinesgarritasun handiz (2) erantzuten dute hain ezberdinak suertatzen diren bizileku, giza-egoera, lan-mota eta geografietan (3). Aipagari ere, zenbait sinbolismo nabarmen, zaldia trostan, banderatzarra balkoian edo txalupa erretzea, esaterako.
Filma ez da euskalduna euskaraz (4) delako soilik, baita pertsonaien izakerak, jarrerak, moldeak, hitz-jario motzak eta isiluneak ere oso “euskaldun” egokitzen direlako. Eta, zer gerta ere, adierazten diren familia-transmisioa, balio etikoak, duintasuna, konpromisoa eta elkarrenganako loturak “lege zaharrekoak”-edo direlako, nahiz senar-emazteok beti bat etorri ez (5).
Ia ehun urteko ikuspegiaz besterik uste arren, Karmelek diktadurak hautsi zituen aurrerabideak islatzen dituen emakumea da: etxetik kanpo lan egin nahi izan zuen beti, ekimen handikoa giza-erlaziotan, ezkondu aurreko sexu-harremanak eta familia, eta, besteak beste, hezkuntzaren garrantzia azpimarratu, diktadurak ekarritako kultura-aldaketaz jabetu eta egoera berriak seme-alaben irakaskuntzan izango zuen eraginaz arduratu.
Koloreen gainetik, 1936-39ko gerra, gehienbat, ezkerra eta eskuinaren arteko gatazka baino ez zela izan uste dutenei, filmak zer pentsa emango die. Esango nuke, badirela zinemaren merkatuan, ETAren indarkeria gaitzeste teorikoaz aparte, sekula uste izan ez zutenak lehergailu haiek euren bizimodu, iritziak eta balioak arriskuan jarri zitzaketenik. Alderantziz, inoren indarkeriak euren arrazoia baino ez zuen irmotzen.
Susmoa dut, ordea, “ Karmele” filmari darion mezuak gogorarazten duela beste zenbait hizkuntza, kultura, nortasun, balio-transmisio eta konpromiso ezberdin ere izan daitezkeela, eta, praktikan, hainbati lehergailuak baino onartezinagoak irudituko zaizkiela zalantzan jarri ere ezin omen direnak, euren iritzi nagusien kontra doazelakoan.
---ooOoo---
1) Zortzi hizkuntzatara itzulia, lan honek Kritikaren Sari Nazionala (Narratiba euskaraz) eta Euskaltzaindiaren urteko libururik onenaren saria irabazi zituen.
2) Ofizioaren jabe izateaz gainera, Eneko Sagardoyk tronpeta jotzen ikasi behar izan du eta Jone Laspiur donostiarrak bizkaieraz.
4) Bizkaieraz.
5) Txomin, organizazioari men egiteko gertu, nahiz bizitza arriskuan jarri, eta Karmele, ostera, kontra, “gurean beti familia lehenetsi izan” denez gero.
- Baga edo ez ga?
