Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Hau ere pasatu da…”

“Hau ere pasatu da…”

Amatiño 2026/11/05 12:50
Chiki baderitza, Mexikon bizi eta euskal txapela buruan… Nork ez du gero uste izango euskal erbesteraturen bat ez zenik? Baina ez, Chiki argazkilari judua, Leonora Carrington nazioarteko feministaren senar eta Robert Capa gerra-argazkilari mitikoaren lankide, hungariarra zen.
 “Hau ere pasatu da…”

Leonora Carrington eta Chiki Weisz

Sasi-argia piztu da, Faro de Santander museo berriak Leonora Carrington artista surrealistaren inguruko erakusketa (1) burutu eta, beste zenbait margo eta marrazkiren artean, nabarmendu denean argazki bat non intelektual ingelesa dagoen Chikirekin,  senarra (2) dagoelarik sudur handiaz aurpegian eta ganoraz jarritako txapel handixkoaz buruan.

Chiki Weisz (3) (Imre Weisz Schwarz) eta Robert Capa (Ernö Andrei Friedman) lagun juduek (4) Hungariatik zein Alemaniatik elkarrekin alde egin zuten Hitlerrek aginteari ekin aurretik. Berlindik Pariseraino oinez heldu eta lortu zuten 1936ko espaniar gerran argazki-erreportajeak egiteko mandatua. Nahiz taldekide biak argazkilari izan, Capa arduratu zen, batez ere, argazkiak egiteaz eta Chiki, berriz, gehien bat, gainerako ekoizpenaz (5).

Atxilotua, Marokoko kontzentrazio-esparrura eramana, Chikik ihes egitea lortu zuen eta abiatu Marseillara, non mugimendu surrealistarekin harremanetan jarri zen; handik, 1942an, Mexikora alde egin eta errusiar juduen laguntzaz argazkilari-lana erdietsi zuen. Espainiar errefuxiatu errepublikazaleen eta artista surrealisten giroan, Leonora Carrington ezagutu eta lau urte geroago elkarrekin ezkondu ziren.

Holokaustoa, konzentrazio-esparrua eta beti ihesi ibili behar izanaren traumaz eta beldurrez, ez zen sekula Mexikotik atera. Izaeraz isila, itxia, hermetikoa, ez omen zuen inoiz bizi izandako pasarterik kontatu nahi izaten. Ezta emazte eta semeei ere. 85 urte arte argazkigintzan (6) aritu zen eta 95 urtez zendu, inorekin hitzegin nahiezaz-edo. Haren hilobian zera jartzen du hebraieraz: “Hau ere pasatu da…”

---oo0oo---

1) "El surrealismo sintomático". Santander 2026. Aipagarri gainera, erakusketa berean, Diego Rivera (Mexikar muralismo eta errealismo sozialaren buruetakoa) eta Frida Kahlo emaztearen hainbat margolan.

2) Chikirekin ezkondu aurretik pare bat bikote izan zituen Carringtonek, baina Chiki izan zen haren seme bien aita eta 61 urtez bizi izan ziren elkarrekin

3) Gaztelaniaz zein Ingelesez beti “Chiki” gisa agertzen den arren, hungarieraz “Cziki” zen. Neurri fisikoaz baino, maitekor eta txeratsu zentzuan.

4) Aita zendu, amak arduratu ezin, umezurtz etxean bizi izan zen hainbat urtez. Gero ingeniaritza ikasi nahi izan zuen, baina ez zioten utzi, judua zelako.

5) Vichyko Gobernuaren agintepetik ihesi, Chiki izan zen Robert Caparen 4.500 argazkiren negatiboak salbatu zituena, maletan sartu eta, bizikletaz, Marseillaraino eramanez, “sekula izan den gerrako argazki-sortarik garrantzitsuena”.

6) Argazki-errebelatze lanetarako gela iluna etxean bertan zuen.

7) Leonora Carrington Kontseiluak gordetzen dituen denetariko bildumen artean dago Chiki Wisz Sorta, 120.000 argazki-negatiboren itzelezko multzoa.

Chiki Weisz eta Leonora Carlington
Chiki eta Leonora senar-ermazteak erdian, lagun artean (Leonora Carrington Kontseiluaren argazkia (6).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal