“Desagertuta” telesaila, muga berri bila
Ez, Desagertuta (1) ez da, behar bada, azken urteotako telesailik onena (2), baina bai, segurutik, atalburuen arteko jarraipenik arrakastatsuena lortu dutenetakoa, eta “hurrengoa ere” ikusi nahia gehien eragin duena (3).
Teoriaz, zer gehiago eska dakioke telesail bati kapitulua amaitu eta hurrengoa noiz ikusiko irrikaz geraraztea baino? Praktikan, hainbat ataletako edozein telesailen meriturik handiena ez da aleren batekin edo besterekin asmatzea, batez beste gutxieneko mailari eustea, bata bestearen ondoko jarraipena finkatzea eta ikusmina areagotzea baizik… Eta hau lortu lortzen du “Desagertuta” sailak.
Gero etor daitezke, eta etorri dira, era bateko zein besteko kritikak: hari nagusia ez dela originalegia, lar nabaria dela atal-gidoien arteko maila desberdina, zenbait aktore erdipurdikoak direla (4), nerabeenak egiten dituztenak ez direla behar bezain nerabe (5), hainbat sekuentzia motz bezain antzu geratzen direla etab. Baina ez diot inori aspertu denik entzun edo gogoetsita utzi behar izan duenik irakurri.
Orain arte esandako guztiak balio du edozein hizkuntzatan, baina are gehiago euskaraz, nahiz euskal zinemagintzaren goi maila jakinekoa izan, telebistako fikziogintza ez dago-eta txaloak jotzeko moduan.
Gainera, euskaraz zein gaztelaniaz bertsio bi diren arren, sekuentziak ez dira alde batera edo bestera bikoiztu, aldi berean bi hizkuntzetan grabatu baizik. Apostu hau, besterik gabe, azpimarragarria da euskal aktore eta ekoizpenen garapenetan.
“Desagertuta” telesailak zer ondu asko du, baina nago nolabaiteko abantailak eragozpenak baino nabarmenagoak direla. Ezer ez da perfektoa baina, aukeran, nahiago boteila erdi betea ikustea, erdi hutsa baino.
---ooOoo---
1) Zebra eta Pausoka ekoiztetxeek ETB eta Netflixentzat burutua.
2) Jesica Aran, Marta Grau eta Xabi Zabaleta hirukoteak gidoirik onenari Produ Saria irabazi du, aurtengo “thriller” telesailen artean, MIP Cacunen (Mexiko). Azoka berean, Jon Lukasi "Hasiberririk onenari" saria eman diote. Eta, Seriesland Bilbao International Digital jaialdian, berriz, Euskarazko Edukirik Onenaren saria jaso du telesailak aste honetan.
3) Netflixek zein ETBk audientzia nabarmenen berri eman dute.
4) Esanak esan, besteak beste, nekez egin dakieke gutxiespenik, ordea, Gorka Otxoa, Itziar Atienza edo Jon Olivares bezalako aktoreei.
5) Denak-edo dira 20-27 urte bitartekoak.
