1983-2023, zuzeneko irudiaren iraultza
Berrogei urte dira 1983ko abuztuaren 26an sekulako uholdeak izan zirela. Argia joan, telefonoak moztu eta errepideak itxiz gero ezer gutxik funtzionatzen zuen gure gizarte ahalguztidunean, baina are gutxiago telebistan, ez baitzuen irratiaren formula magikorik: pila.
Euskal Irrati Telebista erakundea jaioberri samarra zen udara hartan. Euskadi Irratiak urtebete inguru zuen eta ETBk zortzi hilabete besterik ez. Baina irratiak, arin eta malgu asko, nola hala informazioari eusterik lortu ahal izan zuen artean, telebista astun eta geldoak lokatzetan murgildutako iditzarrarenak egin zuen, noraezean geratu, ez aida eta ez ixo. Unean uneko informazioaz ari naiz, gerorako geratu zen sekulako irudi-altxorra ez dago-eta zalantzan, egungo albistegiak ikusi besterik ez.
Eusko Irratiak frogatu zuen egoera txarretan arina izateak zenbat balio duen, eta tokian tokiko ahots soila grabatzea eta estudioetara telefonoz bidaltzea zein samurra izan zitekeen. Telebista-kamerak, ordea, nekez heldu ziren urak hartutako lekuetara eta are nekezago, berriz, irudiak bildu eta berriro ere Iurretara denboraz bidaltzera. Irratiak zerbitzu publikoa eta entzuleekiko harremanak bideratu ahal izan zituen bitartean, telebistak nahiko zeregin izan zuen bere burua itolarritik ateratzen ere.
Uholdeek frogatu zuten oinarrizko azpiegiturak eta logistikak zein garrantzi handia duten hondamendi-zorian. Euskadi Irratiak, Bilboko Gran Vian kokatua eta Eusko Jaurlaritzaren eraikin ofizialaren magalean, une oro izan zuen sistema autonomoak eragindako argindarra zein Barne Sailaren informazio zuzena. Euskal Telebistak, ostera, Iurretako “uharteko” sartu-irten ezinean, irudi eta komunikazio urriko telebistaren gaitasunik eza erakutsi zuen.
Pentsatu nahi nuke orduan gertatua ez litzatekeela egun berriro errepikatuko. Ez soilik oraingo azpiegiturak, aurretiazko iragarpenak eta oinarrizko alerta eta larrialdi-zerbitzuak guztiz bestelakoak direlako gaur, baita ere telebistak erabili ohi dituen teknologia-baliabideak erabat hobetu ere hobetu direlako geroztik. Izan ere, duela 40 urte ez bezala, egungo edozein telefono arrunt aski da beharrezko irudiak nonahitik nonahira bidaltzeko eta gure etxeetaraino zuzenean heltzeko.
Angel Ruiz de Azua kazetariak “erreka-kalean” atera zuen argazkia (1983ko Planeta Saria) zuzenean ikusteko aukera izango genuke, gaur egun. Abia honetan, 40 urte barru, guztiok izango dugu erreka-kaleren bat bertatik bertara zuzenean bizitzeko aukera, batere arrisku eta busti beharrik ere gabe…
Zientzia fikzioa ote? Ez orain 40 urte interneta zena baino gehiago.
* Hainbat datu:
-- 600 litro euri metro koadroko.
-- Guztira, 1.500 milioi tona ur.
-- 34 hildako eta 5 desagertu.
-- 100 herri baino gehiago hondamendi-eremutzat jo ziren.
-- 1..200 milioi euro besteko kalteak.
.