1965eko haziak, egungo hortentsiak
Egungo hortentsiek ezkutarazten duten borda zahartu eta alferrik galduan makinatxo bat bider bildu izaten ginen, 1965 urte inguruan, umeen euskal jaiaren antolatzaileok.
Bestela nekez elkartuko ginatekeen neska-mutilak euskarak eta euskal-gurariak batzen gintuzten Joxe Mari Ormaetxea zenaren kuadrillaren mendi-soziedadean. Segurutik "Panpo" bera genuen nagusiena eta gainerako guztiok 19-22 urte besterik ez.
Begi bistakoa da hogeitaka lagunen argazkia bazkalostekoa dela. Mikel Larrañaga zigarro-purua erretzen eta Mireia Viteri, artean, amantala kentzear... zalantza gutxi, gero.
Bizpahiruren izenak ahaztu ditudanez, ez dut zerrendarik ezarriko. Hala ere, norbaitek denak gogoan balitu, esan baino ez du.
Eskuinean, Kalamuara bidean, soziedadea baino hogeitaka metro gorago, 1945ean jaio ginenontzako "betidanik" ur-emaritan dirauen iturria.
- Lehen ilaran, urdin ilunez, Jose Mari Ormaetxea, gure Panpo zena, guztion gatzagi eta legamia.
Auskalo orduko gazteok ezer egin ote genuen, primeran pasatzeaz gainera, baina nik pentsatu nahi nuke oraingo zenbait lore orduko hazien fruitu direla, eta, urteak joan eta urteak etorri, hainbeste txara, elorri eta arantzen artean hortentsiek ere asmatu dutela euren bidea egiten.
- Leku berberean, 1965eko haziak, oraingo hortentsiak
Eskerrik asjo