Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / MAITEAREN ZAIN

MAITEAREN ZAIN

amat 2004/07/19 19:21

-- Duela hogei urte, aurkitu zintudan

geroztik izan nauzu, hausbako gudan;

sarri aitortu arren, zein maite zaitudan

zu aldiz ari zara, beti duda-mudan.

Naukazu tristuran, mingots arrenkuran

galdurik maluran,laztantzeko guran

orain ez baitakit zer egingo dudan.

-- Urteak neramatzan, zulakoren bila

irrikitan jo nizun, bai lehiatila;

grinaz nahi nuen izan, amodio-mutila

elkarri eskaintzeko, maitasun isila.

Taupadaren zila, sentipen hurbila

zorabio abila, dardara pil-pila,

izan beharrekoa izan zedila.

-- Ene txori kutuna, fereka-soroa

ihesik diharduzu, sasoi osoa;

batzutan dirudizu, elorri-zozoa

hurrengoan ostera, paseko usoa.

Iada gurasoa, nauzu inozoa

begien lausoa, minbera gozoa,

zure faltan naukazu guztiz gaixoa.

-- Bizitza zein den triste, oraintxe naiz jabe

durduria nagusi, inoiz ez bare;

egin berri didazu, ezustean alde

ezin gero jarraitu, batere zu gabe.

Naiz ni bakardade, hutsalaren habe

arras atsekabe, zaren horren zale,

izango al naiz berriz zerorren labe.

-- Hegoaren haizea, txispa-guraria

maitasun-sarearen, matasa-haria;

ez nuke nahi ordea, izan ehiztaria

indarrez ez baitzaitut, ezkontarazia.

Nire miraria, lera nabaria

irrits ugaria, zeru-ataria,

irabazi nahi dudan garai-saria.

-- Zatozkit niregana, zu ta bion onez

guk elkar ikusteko, berriro aurrez;

ezer ez da-ta lortzen, maitearen ordez

inork ez du irabazten, inoren saminez.

Hurreratu zaitez, gerturatu oinez

baitere bihotzez, zure borondatez,

hartuko zaitut maite betiko legez.

etiketak: Bertsoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: