Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskara, bat munduan

Euskara, bat munduan

amat 2004/09/19 18:59

Europar Konstituzioaren erreferendumari begira zenbait urraspide erraztu nahirik edo, gobernu sozialistak euskara, galegoa, katalana eta “valentziarra”ren ofizialtasuna eskatuko omen dio Europako Batasunari. Albistea ez da izan katalana eta valentziarra hizkuntza berbera dela uste dutenen gustoko. Iritzi hori betidanik defenditu izan du PPk baina ez, orain arte behintzat, Valentziako sozialistek.

Eskuina beti izan da Espainiaren ideia ahalik eta batuen gordetzearen aldekoa eta gainerako errealitateak ahalik eta gehien zatitzearen zale. Inperialismo hitza gastatu samarra dagoen arren, ez zait beste hitz aproposagorik otutzen horrelako jarrera kalifikatzeko. Hau da, Espainia, Venezuela, Txile edo Kubako hizkuntza ofizialak bat baino ez diren bitartean, Katalunia eta Valentziakoak, aldiz, bi. Eta horrelakorik esanda lasai gelditzen dira gainera, nahiz eta ministro kargua izan.

Ez dago hizkuntzalaririk katalana eta valentziarra bi hizkuntza direna esango duenik. Katalana eta valentziarraren arteko ezberdintasunak bizkaitarra eta nafarraren artean daudenak baino txikiagoak dira. Interes politikoak bereizten ditu katalana eta valentziarra, ez hizkuntzalaritzak.

Nafarroan ere izan da mugimendurik euskara eta nafarraren arteko bereizketa egiteko baina, zorionez, UPNren politika historiaren geltokira heldu orduko historiaren trenak atzera egin ezinezko pausuak jorratuxeak zituen, bai mendez mendeko euskal literaturaren ildotik, bai 1918an Nafar Diputazioak Euskaltzaindiari onetsi zion ofizialtasunaren bidetik eta baita orain hurrengo Nafarroan bertan loratu den gizarte-mugimenduaren aldetik ere.

Euskaldunok sarri izan izaten dugu albisteak ikuspegirik ezkorrenetatik aztertzeko tentaldia baina kasu honetan, behintzat, albistea guztiz baikorra da. Auskalo katalana eta valentziarra bi hizkuntza diren ala ez. Baina, nonbait, euskara bat baino ez dago Europan, nahiz bizkaitarra, nafarra edo zuberotarra izan.

Ministro sozialistak esan du. Esan gabe esan du, baina esan du. Eta UPNk ez dio ukatu.

Amatiño

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: