Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Hitzei mugak ipini behar hori

Hitzei mugak ipini behar hori

Asier Sarasua 2013/04/11 19:55
Ez dut gehiegi/larregi ulertzen/aditzen hitzei/berbei mugak/hesiak jarri/ipini behar hori. Zabal ditzagun leihoak!

Santi Leonek ere antzeko zerbait izan du mintzagai aste honetan bertan. Euskara "estua" darabilgu; euskara "estua" irakasten dugu. Meharra, mugatua, llaburra.

Horregatik ez dut ulertzen oraindik ere muga gehiago jarri behar hori. Adibidez, Hiztegi Batuan zein sarri jartzen zaien euskalki baten marka berba batzuei (eta batzuetan, gainera, neurriz kanpo). Hau Bizk. da; beste hori Naf.; hurrengoa Zub. Nolabait esanez, horiek hiztegi batukoak direla, bai, baina baina! Kontuz, badaezpada ere.

Esan beharrik ez dago, Gip. marka oso bakan agertuko zaigula; gehixeago Naf.; mooordoa Bizk. eta Ipar. (oso bilaketa azkar eta azalekoan: Gip.: 182; Naf.: 363; Bizk.: 995; Ipar.: 2674). Hiztegi osoaren %12 inguru.

Zergatik mugatu behar hori? Eta are gehiago: zergatik murriztu hitzen benetako erabilera-eremua? Izan ere: zergatik dira bizkaiera (eta hortaz, Gipuzkoan kontuz erabili beharrekoak) hur (gertu, hurbil), txikot (soka lodia), sastar (zabor; eskas, txar), edo dandarrez (arrastaka); zergatik Bizk. marka, Gipuzkoa erdialdean ere erabiltzen badira?

Eta zergatik da kardantxilo Bizk. eta ez Karnaba Gip.?

Zergatik darama Ipar. marka heia hitzak (atzoko #GaurkoHitza), Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait eskualdetan erabiltzen bada? (besteak beste, Urolan, Beterrin, Txingudi buelta osoan,... eta Nafarroa iparraldean). Zuberoan beste bai, bederen, Gipuzkoan edo Nafarroan.

Zergatik euskara "estutu" beharra?

Tira. Jakin badakit lehenago ere eztabaidatu izan dela hau guztiau. Marka horiek erabili edo ez; Hiztegi Batuan adierazten den informazio hori baliagarria ote den ala oztopo (baliagarria ere bada eta!). Euskaltzaindiak ere, Hiztegi Batuaren Argibideetan garbi esaten du hitzok edonork/edonon erabiltzeko modukoak direla ("nori bere senak agintzen dion eran"). Baina garbi ote dugu hiztunok? Garbi ote dugu euskara estu hori erabiltzen, mintzatzen, idazten, transmititzen, ikasten eta irakasten dugunok? Edo beldurrez hartzen ditugu hitzok? (edo asko jota, exotismo bila ari garenean?).

Holaxe ba! Purrustada (Bizk. eta Gip.) txiki bat, periferiatik. Badakizue, bazterrekoen mainak ((gral.; Dv, H; -añ- Lar, Añ, H). Ref.: A; Etxba Eib; Asp Leiz2 (mañe); Elexp Berg (maiña)).

A! Guzti honen errudun Maite Goñi da, txio honen ondorioz etorri direlako goiko hitzok: " 'heia' da. Iparraldeko hitza ei da. Ezagutzen zenuen? ". Iparraldekoa? Azpeitian bertan ere entzun izan dut, barren!

Zabal ditzagun leihoak eta egin dezatela hegan kardantxori eta karnabek, txolarre eta hormatxoriek.

etiketak: euskara, euskalkiak
Marijo
Marijo dio:
2013/04/12 20:15
Zenbat daukagun ikasteko! Ta, zenbat denbora "barren" hori entzun, irakurri barik!
Maite Goñi
Maite Goñi dio:
2013/04/12 21:41
Ene, Asier! A ze tuit inspiratzailea bota nuen!! :-)

Ba, egia esateko, nik ez dut inola ere bizi zuk bezala hitzen sailkatzearen afera. Ez dut uste hizkuntza estutzen duenik, edo ni, behintzat, ez naiz sentitzen estututa Hiztegi Batuak hitz bat hangoa edo hemengoa dela esaten duelako. Are gehiago, Axularren estiloari jarraiki (hau broma da), ikasleei esaten diet euskaljakintzako testuak sinonimoekin apaintzeko. Jakingo bazenu ze nahasketak egiten dituzten! Horiek bai ez direla estutzen eta ez dutela inongo erreparorik izaten hemengo hitz bat, haruntzagoko beste batekin edo areagoko beste batekin nahasteko. Askotan oso bitxia gertatzen zait egiten duten nahaste-borrastea, baina nik beti animatzen ditut hitzekin jolastera, konbinazioak egitera, euskalki ezberdinetako hitzak beraiei ongien iruditzen zaien moduan lotzea...

Are gehiago, nik eskertzen dut hiztegiak hitza nongoa den edo maiztasun handiagoz non erabiltzen den esaten didanean. :-)



Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2013/04/13 11:32
Maite, nik ere ez dut estutasunez bizi euskalki-marken kontua. Eta nik ere asko eskertzen ditut euskalki-markak hiztegietan. Uharte batera libururen bat eraman beharko banu Azkueren Hiztegi Hirukoitza litzateke; horrekin dena esan dudala uste dut.

Baina kontua da:
* ea marka horiek Hiztegi Batuan (horixe, batua) egon behar ote duten (horretarako badaude Orotarikoa, Azkue, eta beste makinatxo bat). Sarasolaren "Zehazki" hiztegiak ez du egiten, adibidez.
* ea marka horiek egoki jarrita ote dauden, kopuruan zein zehaztasunean (goian pare bat datu eta adibide; ziurrenik salbuespen, baina egon badaude)
* eta, batez ere, ea hiztunok zer jarrera hartzen dugun horren aurrera.

Azken horri dagokionez, pozten naiz zure esperientzia aberasgarriarekin. Gazteek salbatuko gaituzte! Baina kontrako esperientzia ere nabaria da, eta esango nuke askoz zabalduagoa. Oraindik ere bizkaieradun gehienek "berba larregi" esan ondoren, "hitz gehiegi" idazten dute batuan (bestea bizkaiera baita, euskara batuan erabili ezinezkoa). Baina horretaz ez dut askoz gehiago esango; nik baino hobeto eta politago azaldu zuen duela egun batzuk Santi Leonek Berrian.

Ziurrenik, erdigunetik izan edo periferiatik, ikuspegia ere arras ezberdina izango da. Zoritxarrez.

Laztanak!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz