Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Egagropilak: hegaztiek liseritzen ez dituzten janari-pilotak

Egagropilak: hegaztiek liseritzen ez dituzten janari-pilotak

Asier Sarasua 2015/01/26 19:15
Lurrean ikusi eta gorotza lirudike. Baina ez, egagropilak dira. Hegaztiek digeritu ezin dituzten jakiekin euren 'urdailean' sortutako eta ahotik berriz kanporatutako janari-hondar bolak. Asteburuan euren barruak aztertzen jardun dugu semeak eta biok.

Egagropilak janari-hondarrak dira, nolabait esateko. Hegaztiek ez dute haginik, eta gehienetan harrapakinak oso-osorik irensten dituzte. Ahal dutena digeritu ondoren, janari hondakinekin pilota moduko zorrotxoa egin, eta ahotik behera kanporatzen dute berriro. Pilota hori da egagropila deritzona.

Hegazti espezie askok sortzen dituzte egagropilak, besteak beste, zozo-birigarroek, kaioek, okilek, korbidoek,... baina ezagunenak hegazti harraparienak izaten dira (hontz, mozolo, abendu, arrano eta beste edozein arrai).

Esan bezala, hegaztiak liseritu ezin izan dituen materia pusketak aurkituko ditugu egagropiletan, batez ere, ileak, hezurrak, oskol zatiak, eta intsektuen kanpo eskeletoak (kakalardoen elitroak, esate baterako). Horren ondorioz, egagropilak oso interesgarriak dira hegaztien elikadura aztertzeko. Bolatxo horien barruan aurkituko dugu hegazti horrek zer jan duen azken orduetan.

Aste honetan zenbait egagropila aurkitu ditugu mendian. Pazientzia pixkatekin, bolatxoak zabaldu, eta barruan zer dagoen aztertzen jardun dugu semeak eta biok.

Bi motatako egagropilak aurkitu ditugu. Beltz distiratsuak hontz zuriarenak direla esango nuke; gris iletsuak belatz gorriarenak izan daitezkeela esan didate.

Egagropilak aztertzeko ez da ezer berezirik behar: kontuz kontuz bolatxoa ireki eta barruan dagoena sailkatzen hasi. Nahi bada, egagropila uretan utzi daiteke ordu batzuetan beratzen, desegin arte, baina niri azkarragoa eta garbiagoa iruditzen zait lehorrean egitea. Bolatxoa ireki eta pintza batzuekin hezurtxoak ateratzen joan.

Hontz zuriaren egagropila bi aztertu ditugu (besteak Ikastolan aztertzeko laga ditugu). Guztira 5 ugaztunen hezurdurak aurkitu ditugu: 4 karraskari (beharbada lur-saguak) eta satitsuren bat (ziurrenik Sorex generokoa).

Amaitzeko, hortxe ipini ditugu hezurtxo guztiak elkarren alboan, CSI Eibar estiloko collage bat eginda. Kaskezurrak batetik, bizkarrezur-buztanak bestetik, omoplatoak harantzago, hezur luzeak aldamenean, saihetsak gero...

Eta erretrato gehiago ikusi nahi dituenak, hortxe ditu guztiak Flickreko album honetan.

Mari
Mari dio:
2015/01/27 11:55
Asko gustatu zait zuen ikerketa lana. Zorionak! Galderatxo bat: egagropilekin ibiltzeko guanterik edo antzekorik ibiltzea komeni al da? Eskuekin ibiltzeak arriskurik ba al du? Mila esker! :-)
Amatiño
Amatiño dio:
2015/01/27 15:04
Elhuyar aldizkararian argitaratzeko moduko erreportaia.
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2015/01/27 20:02
Eskerrik asko bioi. Eta Mari, ba, egia esateko, ez dakit. Nik ez dut sekula ezer erabili. Baina eskola batean haurrekin jardueraren bat egin beharko balitz, beharbada komeniko litzateke neurriren bat hartzea. Azken batean hildako saguen hondarrak dira. Hala ere, sarean ere ez dut aurkitu horren inguruko informazio handirik; ez behintzat arrisku handirik dagoenik, edo kontu handiz ibiltzeko dioen inor.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz