Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibar primerara (eta Eibarko udal erdalduna)

Asier Sarasua 2005/06/12 23:45

Eibarrek irabazi egin dau. Aupa! Zailena eginda: Eibarrek Vigon irabazi, eta Recrek etxian bardindu.

Baina partidua ETBn ikusten nenguala, ezin neban sinistu: Eibarko udalak iragarkixak ipini dittu ETBn. Lehelengua ikusi eta erderaz; bigarrena ikusi, eta erderaz, hirugarrena, eta erderaz... Laupabost aldiz ikusi dot, eta danetan ERDERAZ!

Lotsagarrixa. Bateron batek Eibartarrak zerrendan aittatu daben moduan, txartel gorrixa Eibarko udalari.

Eskerrak ETB1en izan dan, bestela...

Artobero, Artamaluta, Artaburu...

Asier Sarasua 2005/06/11 23:17

ArtaburuaAste honetan erderazko jebo eta borono berben inguruan jardun dogu eibartarrak zerrendan.

Horren antzerako berba batzuk be badakaguz Eibarren, euskeraz.

Batetik, aurreko hitzen alderdi "etnikuena" azpimarratzeko (aldeano, rústico...), "Abarkaduna" erabiltzen da.

Abarkaduna: basarrittarra, jakintza gitxikua. (Eta basarrittarrak herrikueri, kalekumiak, mendiko kontuetaz ezjakittun diranak).

Bestetik, jebo eta borono berbak be badake memelo, mozolo, bobalicon esanguria. Eta horren harittik beste hiru berba be badakaguz, hirurak arto berbian eratorrixak.

Artobero: izan be, borona da artoberua, arturunakin egindako ogixa. Mozolo esanguria be badaka, baina.

Artaburu: honek be antzerako esanguria.

Artamalutia: artaburua batzen daben ostruak dira malutak edo artamalutak. Maluta bakarrik be erabiltzen da, Hiztegi Etnografikuan ondo agertzen dan moduan:

Hori adarra joteko be bai: "malutia haix!" esaten zan, "mozoluori!" esatia moduan. Lehen kostunbria zan. (Emilio Azurmendi, Sagarbitsa).

Juan San Martin. Informazio mordoa eta grabazioa

Asier Sarasua 2005/06/09 17:17

Juan San Martin, Eibar 1922Orain dela astebete inguru hil zen Juan San Martin "Juanito" eibartarra. Juxtu-juxtu Eibarko herriko seme kutun izendatu behar zutenean. Merezi zuen, bai horixe.

Eibarko udalaren Egoibarra webgunean izendapen horren inguruko informazio mordoa zeukaten, Juan San Martin izeneko atalean.

Orain, atala berrantolatu, eta audio-fitxategi batzuk ere gehitu dizkiote. Pello Zabaletak 1998an Euskadi Irratian egindako elkarrizketaren pasarte batzuk entzuteko aukera dugu.

Grabazio hori Eibarko udal artxiboko ahozko bilduman dago, hainbat eibartarri egindako beste grabazio batzuekin batera, eta transkribapena zein digitalizazioa Eibartarren Ahotan proiektu barruan egin dira.

Juan San Martini elkarrizketa

Oharra: azken orduko berrien arabera, urrian egingo da Juan San Martin herriko seme kutun izendatzeko ekitaldia.

"Ibiltarixanak", Toribio Etxebarria

Asier Sarasua 2005/06/09 15:35

Eibarko euskara

Datorren astian aurkeztuko da "Viaje por el pais de los recuerdos" liburua, Toribio Etxebarria idazlearen liburu zoragarrixa.

Hurrengo batian jardungo dot luziago lan horren inguruan, baina gaur Toribioren poema bat ekarri nahi dot hona. Alderdi literarixotik ez da izango kristona, baina Toribioren ideak eta euskeriari zetsan maittasuna ondo be ondo erakusten dau.

Neri behintzat izugarri gustatzen jata, eta hamentxe zuek guztiondako:

Zer, ai, gure aldietako
mendi ederren illaria,
zer sagasti kerizatsuak,
zer baserrixen bakia,
zer gure lur zorioneko
guk maitte dogun guztia,
euskeraz ez izatera
ango alkarren aitzia?

Arno, Oiz eta Anboto;
Udalaitz ta Aizgorria;
Elosu, Izarraitz, Ernio,
Aralar da Larrunarria,
Zer biotz-ikara izen onek
Juanda balitz euskeria?

Beizabal eta Eguarbitza,
Otola eta Olerria;
Mandiola eta Gorosta,
Arrate eta Akondia.
Loixola, Azittaiñ, Aixa,
eta Kiñarra ballia,
zeren itxura alde onek
an balitza erderia,
eta ordez, aintzakotzat b’ez
gurasuen euskeria?

Ibiltarixanak liburutik hartuta (156. orrialdia).

Puspillo, puspillua

Asier Sarasua 2005/06/07 15:02

» PUSPILLO • burbuja, pompa; ampolla.

Eibarren sarri erabiltzen dogu berba hau. Jaboiakin egindakuak, edo txikliakin, edo erretzeruzkuan urtetzen dabenak...

Hiztegi batuan ez da agertzen. Elhuyarrek be ez dakar. "Burbuja" bilatuta: Burbuila; bunbuilo, anpulu, maskuilo; (ur-)begi.

Hiztegia 3000k, betiko moduan, sinonimo edo aldaera gehitxuago emoten dittu: burbuila, burbuilo, puspulo, anpulu, maskulo, maskuilu, punpuilu, pustila, muskulu.

Ia Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren bigarren itzuli honetan hiztegixan sartzen daben. Izan be, behin baino gehixagotan pasau izan jata, testu bat idatzi nunbaitterako, eta "zuzentzailiak" puspiloren ordez burbuila hobestia. Batzuetan garbizale gara ba... baina beste batzuetan...

Hiztegi Etnografikuak hauxe dakar:

puspillo burbuja; ampolla. • Esate baterako erretakuan urtetzen dabenak, edo ezpanetan agertzen diranak... Ik. baba.

Eta Eibarko Euskara Toribioren adibide pare bat topau dittut:

Puzpilluak urten desta ezpanian, hotzikaria ezkero.
Puzpilluak eitten zan lasto bategaz.

Eta zelan idatzi behar? Hiztegi Etnografikorako PUSPILLO hobetsi genduan; Toribiok PUZPILLO dauka. Um??

Euskal bizikletan, bizikleta gutxi... eta helikoptero bat

Asier Sarasua 2005/06/05 23:32

Amaitu da Euskal Bizikleta. Edizio kaskar samarra aurtengoa. Azken urtean txirrindularitzan izandako aldaketek eragin handia izan dute, eta bigarren egunean Eladio Jimenezek tropelari ateratako 10 minutuek, zer esanik ez. Etapak mugituak izan omen dira, gorabehera askokoak, txirrindulari gazte batzuk gogotsu... baina oro har maila gutxiko lasterketa izan da, eta ikusleentzat ez da izan edizio onegia: talde handi gutxi, izen handi gutxiago, eta etorri diren handi horiek gogo gutxi baino gutxiago.

Gaur Arrateko igoera izan da eta hor ere aldaketak izan dira: arratsaldez izan beharrean, goizez izan da. EITBek eta arratsaldeko pilotak aginduta. Ez dakit ordu aldaketagatik izan den, edo edizio kaskarra izan dugulako aurtengoa, baina jende gutxitxo zegoen Arrate inguruan. Ea datorren urtean... antolatzaile batzuen artean hasi dira esaten, datorren urteetarako aldaketa handiak egin beharko direla. Ikusiko dugu.

Eskerrak azkenean helikopteroa agertu den

Ba bai. Gaur Arraten albistea ez da izan italiar baten garaipena, ez Jimenezek itzulia irabaztea, eta ez antolatzaileen hasarrea. Gaur albistea EITBren helikopteroa izan da. Karrera amaitu bezain azkar, Santa Kurutz inguruan hasi da jira ta buelta, gure buruen gainean. "Zer ibiliko ete dok hau?"

Jira ta buelta, eta gero eta beherago, eta azkenean, Iturruaabeletxe baserri gaineko zelaira jaitsi da. Eta hantxe agertu dira dozenaka ume (eta ez hain ume), helikopteroa ikustera, pozik. Helikoptero amerikarra lurrera bota duen irakiar taldea ziruditen, denak saltoka eta argazkiak ateratzen.

Hogei minutu izan dira. Piloto "amerikarrek" bizirik irten dute, eta gu guztiok bazkaltzera joan gara, pozik, helikopteroaren gorabeherek eguna alaituta.

Gauean, etxean, Maddi lo zegoela bere gelara sartu naiz, azken laztana ematera. Lo zegoen, zorro-zorro, baina une batez begiak ireki ditu eta eskutxoa zerura jaso ondoren "baddoia! baddoia!" esan du.

Aurtengo Arrateko igoera, sekula izan denik eta onena izan da. Ez dago dudarik.

Argazki gehiago ere jarri ditut, jarraitu irakurtzen.







Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Ederra! Zorionak. Amatiño, 2026/03/10 21:51
Ño! Ahaztuta, ziharo! ;) Tira, 15 urte bakarrik ... Asier Sarasua, 2026/01/11 15:56
Egin juagu berba honen gaiñian, neuri be asko ... Oier G, 2026/01/11 10:14
Bai, hitzaldi ederra! Gustora egon giñan, eta ... Asier Sarasua, 2026/01/05 11:22
Bai, que viva Jalisco! Eta Javi Martín be bai! ... Jose Antonio Azpilicueta Albizu, 2026/01/04 11:11
Aupa Azpilikueta! Orduan, 1955 inguru izan bihar, ... Asier Sarasua, 2026/01/01 19:44
"Tupixa, Petit Tupinamba" (1950 inguru?). Argazki ... Jose Antonio Azpilicueta Albizu, 2025/12/31 18:16
Lan ederra egin dabe, bai! Asier Sarasua, 2025/11/18 08:38
Bene-benetan... Zorionak! Amatiño, 2025/11/17 15:11
Zorionak. Benetan inbidiagarria. Honako hau, ... Amatiño, 2025/09/08 12:33