Arando
Arando Agiñaballian dago, Agiñagako elixatik gora igota. Usartza ingurutik pare-parian ikusten da, Urko magalian. Arando urrin egon da beti. Agiñatik aparte, eta Eibartik... zeresanik ez. Gaur egun be, porlanezko biderik ez dakan auzune bakarra da Eibarren.
Antxiñakua da Arando basarrixa; XV. gizaldirako tente zeguan. Gaur egun 5 basarriko auzunia da: Arandoguena, Arandoaurtena, Arandobarrena, Arando Etxebarri eta Arando Itturralde. Izenetan be berezixa da Arando. Azken gizaldixetan, izen bereko basarrixak bereizteko orduan, gaiñekua-azpikua, goikua-behekua, hametikua-handikua... erabili izan dira. Arandoko basarrixetan, baina, bizirik dago lehenagoko izendapena: Guena, Aurtena eta Barrena.
Inguru politta da. Tokirik gehixenetan moduan, han be gero eta piñu gehixago, baina oindiokan leku ederra eta lasaixa. Bertara heltzeko, Agiñagara juan, eta handik gora jarraittu. Autoz igo leike, baiña oinez hobeto. 10 minutu besterik ez dira.
-au- diptongodun berba batzuk Eibarren
Horixe da euskeraz diptongorik ugarixena, -au-. Makiña bat berbatan topauko dogu: arraunka, laurogei, aharrausi, simaur... Halandabe, normala da monoptongatzia; hainbat euskalki eta hizkeratan bilauko doguz horren adibidiak. Eibarren be horixe gertatzen da, eta -au- diptongodun berba gehixenetan, diptongo hori desagertu eitten da. Normalian errezago gertatzen da laburdura edo monoptongaziño hori hasierako silaban: berba hasieran monoptongatutako formak ziharo lexikalizatu dira:
aurpegi --- arpegi
laurogei --- larogei
laurden --- laren
auntzume --- antxume
jaungoiko --- jangoiko
Diptongua berba erdixan edo amaieran bada, forma bixak (diptongodun formia zein monoptongatutakua) entzutzen dira Eibarren:
arraunka --- arronka
umau --- umotu
arpauso --- arposo
arrausin(ka) --- arrosin(ka)
intxaur --- intxor
simaur --- simor
siraun --- siron
Diptongua berba amaieran dauken berbetan, forma osua gehixago entzutzen dala esango neuke. Berba batzuetan, gaiñera, eta beste herri batzuetako jokerian kontra, ez dago monoptongaziñorik, esate baterako: zamau, bakillau...
Monoptongaziñorako jokera hori, lexikuan ez eze, forma gramatikalizatuetan be arrunta da. Mitxelenari kaso eitten badetsagu, "mucho más a menudo en formas gramaticalizadas, no sólo a causa de la frecuencia de su empleo, sino también por la debilidad del acento" (Fonética histórica vasca, 1990).
Eibarren adizki multzo bittan topauko dogu sinplifikatze hori. Gehixenbat, eduki aditzan orain aldiko formetan (daukat=dakat; jaukat=jakat; dauk(at)e=dake...). Bestetik, nor-nori-nork serieko orainaldiko forma gitxi batzuetan (nauzu / nazu, nozu).
