Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Hiru "mega" iazko udazkenean Euskal Herrian; erabat ezohiko diren 3 txori espezie agertu direla, alegia

Hiru "mega" iazko udazkenean Euskal Herrian; erabat ezohiko diren 3 txori espezie agertu direla, alegia

Asier Sarasua 2024/07/06 13:02
Sasi-txori txikia, martin handi iparramerikarra eta urre-birigarroa agertu dira Euskal Herrian azken egunotan, gure lurraldean (ia-ia) inoiz ikusi ez diren hiru espezie.
Hiru "mega" iazko udazkenean Euskal Herrian; erabat ezohiko diren 3 txori espezie agertu direla, alegia

Sasi-txori txikia, Iduna caligata (Wikipedia)

Txorizaleen artean "mega" deitzen zaie ikusteko oso-oso gaitz diren espezieei, ingelesezko megararity eta gaztelaniazko megarareza hitzen laburduraz. Bada, 2023ko udazken hasieran 3 mega pilatu zitzaizkigun Euskal Herrian, erabat-erabat ezohiko dena.

Neurri handi batean txorizale kopurua eta txorizale horien ezagutza areagotzearen ondorio dela esango nuke. Esfortzua handitzearen ondorio zuzena, alegia, lehen baino gehiago garelako eta lehen baino gehiago gabiltzalako txoriketan. Ondorioz, gero eta ohikoagoa da espezie arraroak detektatzea edozein lurraldetan. Halarik ere, albiste da mega horietako hiru ikusi izana Euskal Herrian eta hain denbora gutxian.

Sasi-txori txikia, Iduna caligata

Lehenengoa David Santamariak aurkitu eta identifikatu zuen Jaizkibelen iraila hasieran, Asiako eskualde epeletan bizi den sasi-txori txikia (Iduna caligata). Txori marroi argi hau oso gutxitan ikusi ahal izan da Europa mendebaldean eta hauxe izan da Euskal Herrian ikusi den lehenengo aldia. Bizpahiru egun iraun zituen Jaizkibelgo Justiz inguruan eta hainbat txorizalek ikusi ahal izan zuten, desagertu zen arte. Juankar Andresek argazki ederrak jaso zituen bere blogean.

Martin handi iparramerikarra, Megaceryle alcyon

Hurrengo ezustekoa Lekeitiotik jaso genuen. Sergio Paganek aurkitu zuen irailaren 16an eta Jon Zubiaurrek identifikatu irailaren 25ean: ez sinestekoa, martin handi iparramerikar bat (Megaceryle alcyon) geneukan Lekeitioko itsasadarrean, araztegi pareko paduran. Kanada eta Mexiko artean bizi den martin arrantzale hau oso-oso gutxitan behatu ahal izan da Europan eta, gehienetan, Islandiaraino eta Erresuma Baturaino bakarrik heldu ahal izan da, haizeteek bere lurraldetik bultzatuta. Euskal Herrian lehenengoz behatu da, noski. Eta oso ondo ikuskatzeko aukera izan genuen euskal txorizale guztiok, erabat etxekotu baitzen Lekeitioko hezegunera. Azaro hasieran oraindik ere bertan zegoen eta ehunka ornitologo pasa ziren martin arrantzale handi eta eder hau ikustera. Herrian ere albiste izan zen txoriburuen joan-etorri zoroa.

Martin handi iparramerikarra

 

Urre-birigarroa, Zoothera aurea

Aurrekoak gutxi ez eta urriaren 24an beste behaketa berezi baten berria zabaldu zen euskal txorizaleon foroetan: urre-birigarroa (Zoothera aurea) ikusi zuen ornitologo talde batek Organbidexkako lepoan, Zuberoan. Hau ere Asiako espeziea, sasoi honetan Indonesia aldean egon behar zena, baina... hara! Euskal Herrian bigarrengoz ikusia, baina lehenengoz bizirik. Aurreko alea Mallabian hil zuten ehiztari batzuek; orduan ere Juankar Andresek jaso zuen berria.

Urre-birigarroa

 

..........

Argazkiak Wikipediakoak dira:

etiketak: natura, txoriak
Amatiño
Amatiño dio:
2024/07/07 09:46
Informazio polita. Zorionak.

Ezjakinaren haunarketa eta galdera laburrak.

Nahiko meritu ia-ia estreinako agertu Euskal Herrian eta, agertu orduko, euskarazko wikipedian jasoak izatea. Baten bat aurretik dabil, lan isilean.

Eta... nork jartzen dizkio estreinako izenak? Edo, nork bataiatzen ditu?
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2024/07/08 11:03
Galdera egoki eta zuzenak ;)

- Bai, Wikipedian jende asko dabil isilpeko biharrian.

- Txorixen kasuan, munduko txori-espezie asko dagoz honezkero euskerazko Wikipedian, gehixenak erdi-automatikoki sortuta (eta oso oinarrizko informaziñuakin).

- Gero, kasu askotan eskuzko lana be badago eta, ahal dan neurrixan, euskerazko izen arrunt arautuak gehitzen dihardugu pare bat lagunek.

- Eta txorixak zeinek bataiatu? Munduko 450 espezie inguruk aspaldi dauke euskerazko izen arrunt estandarizatua (baitta munduko beste herrialde batzuetako espezieak be), XX. mendian zihar Aranzadik, UZEIk eta bestek egindako lanari esker.

- Hortik aurrera, Europako 300 espezie inguru zeuazen euskerazko izen barik (eta munduko beste 9000 espezie). Euskal Batzorde Ornitologikuan barruan lantalde txiki bat dabil biharrian azken 2-3 urtiotan izen arrunt estandarizatuak proposatzen. 10 laguneko lantalde bat, profil eta erakunde desberdinetakuak (danak txorizale ezagunak). Europako zerrendia honezkero osatu samar daukagu eta laster osorik argitaratzekotan. Eta hartutako erabagi gehixenak Wikipediara eruaten dittugu.
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2024/07/08 11:05
Goixan aittatzen diran 3 espezieen kasuan:

- "sasi-txori txikia" aspaldi dago euskeraz araututa eta onartuta.

- "urre-birrigarroa": Batzorde Ornitologikoaren proposamena da, oraingoz izen generiko mailakoa.

- "martin handi iparramerikarra": Batzorde Ornitologikoak oraingoz ez du izen arrunt espezifikorik proposatu; izen deskriptiko orokor hori besterik ez daukagu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz