Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Egazkiñak (Antonio Iturrioz Urizar)

Egazkiñak (Antonio Iturrioz Urizar)

Asier Sarasua 2005/07/06 09:15
Egazkiñak (Antonio Iturrioz Urizar)

"Egazkiñak", Antonio Iturriotz (Eibar aldizkaria, 1958)

Orain egun batzuk Caleco biargiñak basarricueri idazlanakin hasi neban bidiari jarraittuta, gaur be Eibarko euskeraz idatzittako beste lan antologiko bat ekarriko dot txoko honetara, han eta hamen idatzittako idazlanak Interneten ipintze aldera.

Gaurko lana, Antonio Iturriotz Urizarrek idatzittako lan txiki bat da, Egazkiñak, 1958. urtian Eibar aldizkarixan kaleratutakua (PDFan, Egoibarra.eus webgunean).

Antonio Iturrioz Urizar, 1900eko martixaren 3an Eibarren jaixua, Antonio Iturrioz alkatiaren semia. Beran bizitza ez dogu larregi ezagutzen. Eskola Armerixan ikasi zeban, gero Moskura juan zan Zientzia Politikuak ikastera, eta Gerra Zibilakin batera Eibartik alde egin bihar izan zeban, lehelengo Valentziara eta azkenik Mexikora.

Idazlan gitxi laga zittuan, Pio Barojaren Zalacain eta Las aventuras de Jaun de Alzate liburuen itzulpenak, eta Eibarko euskeraz idatzittako testu labur batzuk, besterik ez. Hórrek azkenok dira guretzat interesgarrixenak, Eibarko euskeraz idatzitta darelako, eta bere umetako gorabeherak kontatzen dittualako. Batetik, Egan aldizkarixan (1966, XXV. 96-98), Danetik pixkat. Aintziñako gogorapenak Eibarko euskeran kaleratu zeban; bestetik, hamen jarraixan datorren Egazkiñak, 1958ko urrixan Eibar rebistan kaleratutakua.

Beste euskalki batzuen interferentzia gitxi batzuk igartzen jakozen arren, Eibarko euskera ederto darabil Antonio Iturriozek. Euskeraz alfabetatu barikua izanda, eta Mexikon idatzittako testua izanda, merito haundikua dakagu Egazkiñak kontakizuna.

XX. mende hasierako euskeria eta Eibarko gizartia ezagutzeko testu zoragarrixa da Egazkiñak hau.

........................................................

Egazkiñak

Amaikatxo egazkin (avion) pasatzen jakuz odeiak ziar gaurko egunetan, gure aldetik begistada bat merezi izaten eztezkuela. Oso ederrak, indartsuak eta biskorrak izanda be, eztitxugu aintzakotzat artzen, ikustiaren ikustez oitxu gara-ta.

Baiña burdiñazko txorixok begixen aurrian, ditxudanian, beti etortzen jata burura, bizi naixen artian sekulako aztu ezingo dodan zeozertxo, emen azaltzera noiana.

Zuek, gaur eguneko gaztiok, orrenbaten eingo dozue barretxo errukitsuren bat kontu-kontari natorkizuen gertaera kaxkar au dala-ta; bateronbatek esan be esan leike: "Ako agurian xaxaria, alako epelkerixak aomiñian ditxuala". Baña, dana dala, biotzeko kutunian dakartena da ta nik bai uste zuetarikoen bat izan neikiala lagun, gertaera zar onen unak ausnartuz, ulerbera edo "konprensibua" izaten.

Ekin deixogun ba: 1910'garreneko garagarrilla, Sanjuan maitien illa. Sasoi onetara ezkero lorik be ezin ein izaten genduan, eguneri ta gaueri bultzaka, Sanjuanak noiz etorriko.

¡Baña, ara! demoniua, or ikusten dogun arratsalde baten Orue’tarren inprentako Elias, eskillaratxua bizkarrian, papel-zorrua besapian eta itsaskai edo engrudo ontzixa beste eskuan zeroiazela. Betikua, autubatzaille ta jakingose giñalarik granujok, jarraitxu gentzan ondorik inprenteruari. Kantoi egoki batera eldu zanian ipiñi eskillaria orma-kontra ta an ezarri eban zeozer, guretzat arritxutzekoa zana. Sekula alakorik...!

Egazkin edo abioi aundi bat zetorren, berakin ega eingo eban bibote izugarrixak gorutz zuzen-zuzen zitxuan gizonakin. Egataldixa, Sanantoniuetan Durango’n izatekua.

Ene, ba mutillak!, zer juau au...! Esaten, aobetian, mutil-koskorrok; ordurarteko egazkiñak ipoin-gauzatzat baño ezbageunkazen. Erriko kalertzetan ikusi zitxetekian mutil-pilluak gure bibotedunari adurradarixola begira. Arek bai gure amesak, gure eztabaidak, gure zalapartak.

Zoratu giñan danok. Ain zoratu eze, Sanjuanak eurak be aztu jakuzen. Zer zan a!!

Egunak juan ta egunak etorri, aundi ta txiki, geruago ta beruago giñoiazen Eibar'aldian, Durango'ko gertakizun galanta zala ta etzala. Ala-biarrez, bein edo bein, eldu zan ordua. Mutil-koskor pillo bat Durango’ra juateko erabagixa artuta genden. Oñez juan biar ta boltza ariñakin gaiñera. Ala be pozarren. Jakiña, etxekuan ixilixan.

Amak somau zoztan nere buruan nerebixana ta domeketako erriala emon biarrian semaiko bat emon. Abarketak nai nik jantzi, ta orduan, amak:

  • Tira mutil! Tira mutil!: abarketak domeka artsalderdixan? Eztago abarketarik illuntzirarte.

Gero au dala ta bestia dala, euki ninduan etxian ordubixak jo ebeneño. Xemeikua boltzilluan, zapata estuak, eta ordubixak erlojuan zirala ikusiz, kendu jakon amari bildurra Durango'rutz artuko nebana: nik, amar urteko ume-gorri nintzan onek. Eta emoeztan kalerako baimena.

Ataixan nitxuan zain laguntxo aritxalarixok.

Abixau giñan Isasi'xan gora ta, Otolerdikorutz giñanian, or dator Urkuzu'ko lando aundixa bost edo sei zaldi aurrian zitxuala. Urten danok bere ondorik aintxitxiketan eta Elgetakale'ko Miel Txotxolua ta neu eldu giñan lelen atzeko burpil bixen erdiko ardatzian jartzera. Ipurmamiñak lokatzeko añakuak ziran ango burdiña-dardarak, baña gu, ezta konturatu be. Aurrera!

Aurrerakizun laburra, orraitxio: baiba, Baldaxar gurtzain edo kotxeruak igarri bezero ezegokixak zeroiazela atzekaldian eta jaurti eban zartaillukada bat, jo ninduan arpegixan ta lurrera bueltaka bota ninduana. Latiokara ta lurrian artutako danbatekuaz kornot barik gelditxu nintzan. Artu lagunak besuetan eta eruan ninduen errekara, bai ainbat bidar burua uretan sartziaz berialako bizkorren gorbiztu be ein nintzan.

  • Zer egingo juau ba oin, Anton?- galde eiezten.
  • Zer eingo dogun? Ori be esan? Durango'ra juan ta arioplanua ikusi.

Eta danen aurrian urten neban, begi bata kedarria baño baltzago ta arpegixan alde batetik besterañoko zanbruaz.

Ermu'ra orduko, lagun aldria urritxuaz zoian, igeslarixeri esker. Aritxixo'ko aldapan gora, Ardantza'ko Txakur Karo billau ta galde ein gentzan:

  • Txakur, mezedez, oindiokan urrin dago Durango?
  • Durango? Ara, mutillak; begira aldapa gaiñari... Ikusten dozue? Ba pasau axe ta... fitx! Durango’n zaoze.

Ezin, ba, Txakur'ek sinistu alako ibillaldi garratza eitxeko lain giñanik. Orregaitxik bota eban bota ebana.

Juan da juan giñoiazela, bat emen, urrengua arutzago, asi giñan lagunak bide baztarrian lagatzen ta, Aritxixo gañera orduko, Miel ta neu gelditxu giñan bakarrik. Bixok eldu be, Durango'ra, Jaungoikuak dakixan orduren baten. Nik neroian semeikuagaz erosi Santa Maria elixaurrian laranja bat, erdixan bi ein, ta jan genduan. Kitxo gure diruok, Miel'ek lausikorik ezbazeroian.

Orretan, burdiña zarataz bai txinparta jarixoz, agertu jakun tranbia. Ene bada ta ba!; zer zan a! Ao-zabal gengozkixon begira, ezazi edo enano txikirrin bat etorri jakunian. Beriala lotu giñan berakin izketan:

  • Zuek -esaezkun- probintzianuak zarie, ezta?
  • Probintzianuak?
  • Bai, nuntarrak, ba, bestelan?; eibartarrak edo.
  • Eibartarrak probintziano izatera, bai, -erantzun gentzan.
  • Eta zer, tranbixa ederri begira, e? Eibar'en ez baña bai Durango'n, tranbixak.... Ji! Ji! Ji!... Ta aldendu zan pozik, gizontxua.
  • Ji! Ji!...? Buruaundi!! -deitxu gentzan.

Burua euki be, erregaldarian lazkotxia eukan.

Ein genduan andik egazkin-ipoiña zeuan alderutz. Benetako ipoiña, axe, bada erlamiño arek ez-eban ein Isasi'ko Oillalokiak ein zeikian baño egaztada aundixagorik. Ori berori zala-ta bertan bera su emon eta erre eben. Guk ezgenduan orretxen beste be ikusi, ara eldu giñanerako zalapartak eta jentien anka-jokuak baño ezbazebizen, txapel-okerrak an da emen ondorik zitxuela.

Ori ezkero etxerutz artu biar, laster zetorren illuna-ta. Txede edo intentziñoz amak emondako zapata estuak zatitu eztezen ankak. Ezin, ba, eurekin bidian osteratu. Orrela, oñetakuak eskuan, ortozik abixau izan nintzan. Ederra girua, antxen neukana.

Urriñegi izan jakun Durango'rañokoa ume-zorri bixori, ta bidia nola moztu arduratan, asi giñan nundik nora juan biar genduanez galdezka. Zaldibar'erutz artzeko esaezkuen. Berriz'era barik. Zaldibar'ko tunela ziar ba'zan biderik laburrena. Ta bai guk ondu be, tipi-tapa trenbidetik ibillixaz, tunelaren aorañokua; baña, ara orduko gau illuna zalarik, bildurtu giñan tunelian sartzen.

Basarritxar baten esana entzunaz, basotik, arizti batzuek ziar, jo genduan Jañagaña'ra. Jakizue sasoi artan Zaldibar'tik Jaña-gaña'rako bide-zabala burutasunian be ezeguala.

Baña, ariztixan galduta sortu giñanian, Miel ni baño be gaztiaua izanta (bedratzi urteko umetxua) emoetzan negarrari Ama Doloretakuak baño soillago. A ikusitxa, nik be negar. Axe bai guk geunkan erromerixia: gosiak eregitxa, ankak zatitxuta, nekian nekez beia jota, basoko kerizak gabe baltzian sorgin-dantzetan, bildurrez ikaraka ta nora jo geinkian be ezjakinian.

Nik eztakitx zela, baña nundik edo andik atara genduan adoria ta bai aurrera ein be, Ermu gañera agertu arte. Andik, erdi-arrastaka ba'zan be, eldu giñan, gaberdirako, Eibar'era.

Nik entzun nitxuan entzuteko agirakak:

  • Ikusten dok zer ein duan, tonto-lapiko? Juari barriro, arioplano ikusten, zapata estu ta guzti... Juango intzake?

Buru-makur, begixak lurrari jositxa esan neban ezetz. Baña ezan egixa, garbai izpirik biotzian somatzen ezpaneban. Tranbiak ezautu. Durango be bai, ta enanuakingo artu-emonak aintzakotzago nitxuan neke ta gañerako lor zitxal guztiak baño.

Etxatan, ez, garbatu...!

 

Antonio Iturrioz

Mexiko'n, 1958'garrengo Dagonillaren 19'an,

(EIBAR aldizkaria, 18 zkia./ 1958ko urria)

 

Arioplanua Eibarren

Argazkia: Marius Trecet piloto frantziarraren erakustaldia Eibarko Otola-erdikua zelaian, 1913an. Argazkilaria, Indalecio Ojanguren. Kutxateka (cc-by-sa).

Trecet Eibarren egon zenekoaren kontakizuna, Diario Vascon.

etiketak: Eibarko euskara
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz